Hiruerreketa deritzon tokian jaio eta Deba herrian, Kantauri itsasoan, itsasoratzen da Deba ibaia. Hala, ibaiaren sorlekua bisitatu nahi duenak Leintz Gatzagako Hiruerreketara joan besterik ez du. Domiñatik edo Gure Ametsatik –Marisa– joan daiteke bertara, eta, bi kilometroko bidea eginda, bai alde batetik, bai bestetik, Deba ibaiaren sorlekura heltzen da. Iturburuan bertan zubi bat zegoen, eta nahiko arriskutsua zen bertatik pasatzea; bada, egonkortze lanak egin dituzte gatzagarrek, auzolanean, Fermin Lezetaren eta Razkinen gidaritzapean. Hala, erreka zeharkatzeko pasabidea behar bezala jarri dute. "Tantaidiko egurrekin egin dugu zubia, 130 urtetik gorako haritzez beteta dagoen zonan, sikatutako egur bat zegoen, eta, Fermin Lezetak moztuta, horrekin egin dugu zubia eta baranda", adierazi du Juanito Bengoak.
Aspalditik egin nahi zen lana
Ikastetxeetako haurrak askotan joaten dira Deba ibaiaren sorlekura, eta aspalditik egoera txarrean zegoen zubia konpontzea erabaki dute, ezbeharrik ez gertatzeko. Honela adierazi du Bengoak: "Lehen zegoen zubia behar bezala jarri dugu, harria eta egurra erabiliz, eta baranda txukun bat jarri dugu. Razkinek Eugenio Otxoari aspaldi hitzeman zion konponketa lanak egingo zituela, eta harekin zein beste herritar batzuen laguntzarekin egin ditugu lanak, kostu barik. Lan hauek egiten, berriz, astebete inguru pasa dugu eta pasa den egubakoitzean amaitu genituen".