Labetik atera berri dute Aretxabaletako eta Leintz Gatzagako Criminal Remains taldekoek disko berria, Walking on the same old road izenekoa, hain zuzen ere.
Beraien punk-oi! estiloa mantenduz, Basaurin grabatu zuten, Luberri estudioan, iaz, uztailean; hala ere, aste honetan kaleratu dute diskoa. Honela azaldu du Beñat Agirreurreta gitarra-joleak: "Ia urtebete pasa da diskoa grabatu genuenetik, baina edizio lanak, marrazkiak, kopiak… direla-eta, aste honetan bukatu dugu. Zortzi kantu ditu gure lan berriak, eta horietako bat, Nealta Fola taldearen bertsio bat da. Diskoaren aurkezpena, berriz, ekainaren 16an Arrasateko gaztetxean egingo dugu…".
Diskoa salgai, 5 eurotan
Diskoa bailarako hainbat lekutan dago salgai dagoeneko, bost eurotan: Gatzagan, Labidean; Eskoriatzan, Hotelean eta Nairan; Aretxabaletan, Txikin, Haizean eta Kixkorren; Arrasaten, Daten eta Taupan; eta Bergaran, Arrano tabernan, hain zuzen ere.