Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Leintz Gatzagan izan zen eguaztenean, bisitan. Herriko udal ordezkariekin Gatz Museoan elkartu, eta hango instalazioak bisitatu zituen lehenbizi. Gatzaren produkzioaren ingurukoak entzun ondoren, berriz, herria ikusteko tartetxoa hartu zuen.
Bilera interesgarria izan zutela adierazi zuen Zupiriak: "Leintz Gatzagako Udalak aukera eman dit paraje honetan dagoen gatz produkzio instalazioak ezagutzeko. Beraien proiektuak azaldu dizkidate, eta zer gauza egin nahi lituzketen eta nola bilatzen duten beste erakunde batzuen laguntza horretarako. Oso bilera interesgarria iruditu zait".
Lan handia egin duen herria
Txikitasunean ondarea mantentzeko lan handia egin dela Leintz Gatzagan adierazi zuen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak: "Bere txikitasunean herriak mantendu du bere edertasuna, eta ikusten da ahalegin handia egin dela hemen erakundeen eta herritarren partetik".