goiena.eus

Abenduaren 18an egingo dute Hustu Ganbara! bigarren eskuko azoka

 Leintz Gatzaga

Norberak etxean eduki baina erabiltzen ez dituen tresnak eraman ditzake azoka honetara, beste herritarren batek erabilera emango badio, hari saltzeko. Bertan irabazitako dirua herrian zenbait ekintza antolatzeko erabiliko da.

Abenduaren 18an, domeka, egingo dute Hustu Ganbara! azoka, 12:00etatik 14:30era. Bigarren eskuko azoka da hau. "Ikusten baduzu etxean daukazun objektu hori, erabiltzen ez duzuna, beste norbaitek erabili dezakeela, azoka honetara ekarri, seguru norbaitek aprobetxatuko duela. Gainera, prezioak sinbolikoak dira, oso merke egoten dira gauzak", azaldu du Itsaso Eginoak, Hustu Ganbara ekimenaren antolatzaileetako batek.

Antolakuntzatik nabarmendu dute "mota guztietako objektuentzat" lekua egongo dela. Hala ere, ohartarazi nahi izan dute ez direla onartuko abereak, landareak edota matxuratutako gauzak.

Irabaziak, herriarendako

Azoka honetan ateratako dirua herrian zenbait ekintza antolatzeko bideratuko dela azpimarratu du Eginoak. "Hemen kontua ez da norberak ahalik eta etekinik handienak ateratzea. Biltzen den dirua guztiontzako izango da, herrian kontzertuak, hitzaldiak edo beste mota bateko ekitaldi kulturalak antolatzeko erabiliko dena", zehaztu du antolakuntzako kideak.

Aurten bigarrenez

Iaz sortu zen Hustu Ganbara! azoka, Dokudorlak izeneko ekitaldia diruz laguntzeko asmoarekin, eta, orduko arrakasta ikusita, aurten azoka errepikatzea erabaki dute. "Iazkoa ondo egon zen, herritarron artean giro ona sortu zen, eta hori da garrantzitsuena", azaldu du Eginoak. Herri mailako zerbait dela gaineratu du. "Guk ez dugu espero jendetza etortzerik, baina gure artean festa giroa lortzea da helburua, ondo pasatzea".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa