Zine-foruma Leintz Gatzagan

Ubane Madera 2015ko abe. 28a, 08:00
'Amama' filmaren fotograma bat

Leintz Gatzagan bizi zen Antonio Fernandez Apodaka gasteiztarraren etxeko ganbaran agertutako material ugariaren artean, proiektore eta pelikula-lata batzuk azaldu ziren. Bada, horiek abiapuntu, Leintz Gatzagako irudiekin osatutako ikus-entzunezkoa prestatu dute bi lagunek: Ander Larrañaga kazetariak eta Aitor Alberdi, zinema-zaleak. Hain justu, bihar, abenduak 29, martitzena, hori erakusteko zine-forum saioa prestatu dute, Asier Altuna Kixi-ren Amama filmarekin borobilduz. 17:30ean da hitzordua, parrokian.

"Orain dela 20-40-50 urteko irudiak dira: Gatzaga zela zegoen, bertako jaiak, udaletxea jausten, udaletxea desmuntatuta, jendea –gaur egun 60 bat urte dituztenak azaltzen dira, adibidez–, iturriko irudiak… Asmoa izan da Gatzagako irudi batzuekin muntaia bat egitea, emaitza herritarrei erakusteko.

Apodaka izenburua izango du, bost-hamar minutu inguruko iraupena, eta martitzenean (abenduaren 29) emango dugu, herriko parrokian", jakinarazi du Ander Larrañagak. 

'Amama' ere bai

Emanaldia bera berezia izango da, lantzen diharduten ikus-entzunezkoarekin batera Amama pelikula ere proiektatu gura dute eta. "Asier Altuna Kixi-ren kuadrillakoa da Aitor Alberdi, eta hari eman zizkion Apodaka-ren pelikula-lata batzuk; gero, Kixi-k zati gutxi batzuk erabili ditu Amama pelikulan", kontatu du Larrañagak.

Eta, hain justu, horren harira eta kontuan hartuta Amama filma badela baserriko giroa irudikatzen duen pelikula, Alberdik berak proposatu zuen zineforum moduko bat egitea Amama-ren proiekzioarekin eta lantzen dabiltzan ikus-entzunezkoarekin. "Zinema herrira ekarri gura izan dugu, eta horrekin batera, Gatzagako amamak erakarri, filmaren testuingurua aitzaki hartuta" gaineratu du Alberdik.

Erakusketa  

Hitzordua borobiltzeko, Apodaka-ren ganbaran aurkitutako proiektoreekin –sei-zortzi daude– erakusketa jarriko dute. Antzinako proiektoreak dira, zintak erabiltzen zituzten horietakoak. Ordu eta erdi iruditan Hori guztia egin ahal izateko, Euskal Filmotekara jo behar izan dute Larrañagak eta Alberdik.

Izan ere, Alberdi bera ibili zen Apodaka-ren antzinako pelikula horiek ikusten, baina hondatu egiten ziren ikusteaz bat. Hori horrela, digitalizatzea beste irtenbiderik ez dute izan. Eta Euskal Filmotekara jo zuten horretarako. "Dohaintzan eman behar dira pelikulak, ordainetan dena digitalizatuta jasotzeko. Ordu eta erdi daude grabatuta, irudietan", esplikatu du Larrañagak. "Bestalde, herritar askorendako ezustekoa izango da Apodaka-ren fazeta horren berri izatea; izan ere, zinema-zale amorratua zen hura: elkartean afari bat zegoela? Ba, hantxe azaltzen zen kamerarekin eta grabatu egiten zuen; edo herriko jaiak, herriko irudiak… Eta nahiz eta herrian hura ezaguna izan, akaso, haren zaletasun hori ez zen horren ezaguna", esan du Larrañagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak