Bigarren eskuko azoka egingo dute oraingo asteko domekan, pilotalekuan

Ubane Madera 2015ko abe. 14a, 08:55

Abenduaren 20rako, domeka, 12:00etatik 14:30era Udal Pilotalekuan ezohiko hitzordua antolatu dute herri ekimenetik: bigarren eskuko azoka. Hustu ganbara! izenburuarekin bataiatu dute, eta, Emateko dauzkazun gauzak beste batek erosiko dituelako esaldiarekin, azokan parte hartzeko gonbita egin dute. 

Horrela egin gura duenak egunean bertan 11:00etarako eraman beharko du azokan saldu gura duen materiala pilotalekura. Edozelan ere, hauek ez dituzte azokan onartuko: abereak, landareak, jatekoak eta edariak. Antolatzaileek abisatu dute, era berean, matxuratutako gauzak ere ez dituztela onartuko, "salbuespenak salbuespen".

Prezioak

Parte-hartzaileek eramango dituzten gauzak gaika sailkatuko dituzte 12:00etatik aurrera salgai jartzeko. Eta dagoeneko pentsatuta dute materialari erreferentziazko ze prezio jarriko dioten: 1 eta 5 euroren artekoa jarriko diete jostailuei, erremintei, koadroei, osagarriei zein apaingarriei (bisuteria); euro batekoa, berriz, liburuei; euro batetik hasi eta 10 eurora arte kostako dira jantziak eta bost eta 15 euro bitartean, berriz, etxeko tresna elektrikoak zein altzariak. Bukatzeko, gailu elektronikoek, DVDek, CDek, biniloek, kaseteek eta antzerakoek produktuaren araberako prezioa izango dute.

14:30ak arte izango da azokan salerosketarako aukera; behin bukatuta, saldu ez duten materiala azokara eraman duenak erretiratu beharko ditu.

Dirua batzeko

Birziklapena eta berrerabilpena bultzatzeaz gainera, bigarren eskuko azoka honen bitartez dirua batu gura dute abenduaren 29an udalerrian egingo den beste ezohiko ekimen batean laguntzeko: bi filmen proiekzioa. Horietako bat da Asier Altuna Kixi bergararraren Amama filma, baserriaren eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, gurasoen eta seme-alaben arteko ezin ulertua irudikatzen duen filma. Bestea, berriz, da Apodaka izenburua duena. Gatzagar baten eta asteburuetan Gatzagan bizi den eibartar baten artean landu duten ikus-entzunezko laburra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak