"Talde berriak gure laguntza bermatuta du, nahi duten arte"

Ubane Madera 2015ko mai. 29a, 15:00
Eugenio Otsoa udaletxe aurrean.

Jaiotzez arrasatearra izan arren, Leintz Gatzagari izugarri emandakoa eta oraindik ere ematen dion pertsona da Eugenio Otsoa. Hala erakusten du lau agintalditan bere alkate jardunak (1987 eta 2000 urte artean eta 2011-2015 agintaldian) eta beste lau urtez izandako zinegotzi jardunak (2003-2007).  "Oraindik jardunean nabil, baina", diosku berak, berezkoa duen umore puntu horrekin. Hala ere, domekakoaz eta ostekoaz jarduteko astia ere hartu du:

Emaitza eskuartean, zelako irakurketa egiten duzu?
Bagenekien bertakoak aterako zirela. Positiboa da. Azken lau legealditan lehen aldia da alderdi bakarra aurkezten dena. Aurrekoetan PP ere aurkeztu izan da. Beraz, egoera horrekin lasai geunden. Hemengo taldea atera da eta horrek, lehena, oraina eta geroa bermatzen ditu. Hori nahi genuen; eurek izango dute hurrengo lekukoa, eta ikusiko dute ze gauza egin ditugun, onak, txarrak eta hobetzekoak. Eta hortik aurrera, badaukate laguntza bermatuta eurek nahi duen arte.
Leintz Gatzagako Hautesle Elkartearen kasuan (oraingoa eta datorrena) dagoeneko hasita zarete lanean; bereziki, non edo ze arlotan?
 Bai, batez ere, gaur egunera arte egin diren gauzak aztertzen. 2015a denon artean gabiltza ikusten, eta ekainera arte egin diren ekimenen gaineko azalpenak, zergatiak… eman, eta hortik aurrera aurrekontuetan dauden gaietan, adibidez, eurek dute zeresanik handiagoa guk baino. Guk esplikatu egin genezake, baina azkenean eurak asmo jakin batzuekin eta ilusioarekin datoz, eta hemendik aurrerakoa eurek hausnartu beharko dute .
Edozein modutan, lehen aipatu duzu laguntzen jarraitzeko gertu zaudetela; ekainaren 13ko aginte aldaketa gauzatu ostean ere bai?
Guk aurrekoengandik izan genuen laguntza; eskertzekoa da. Haien aurrekoengandik ere bai. Eta nik uste dut hori hemen (Gatzagan) badela ohitura bat. Orain arte ez da kontrakorik gertatu, eta hori da inportantea. Herriarekin lotutako gauza asko egoten dira ikasteko: ohiturak, jaiak… segituan etorriko direnez, gainera, aurretik ditugun esperientziak baliaturik, horiek guztiak errazagoak izango dira talde berriarendako: eremuak ezagutu, mendiak ezagutu, hemen dauden jarduerak ezagutu, urak… behintzat horiek guztiak gaur egun zela dauden ikus ditzatela.  
Horrenbeste urtez  alkate ( eta zinegotzi) zereginetan ibili ostean (berezko lanbidearen uztartuta), zela ikusten duzu zure etorkizun pertsonala?
63 urte ditut, 64 urtera noa. 60ko hamarkadan sartuta, hirugarren adinera noala ikusten dut eta urtetan alde batera utzita ditudanak landu nahi nituzke: kirol apur bat egin, paseoak, gauzak lasaixeago hartu… hori da nire nahia, nagi puntua ez bazait sartzen… ze hori ere sartzen da –barre–.
Besterik gura baduzu gaineratu…
Euskal Herri osoari begira, neure irakurketa eta desioa beti izan da abertzaleen artean konponbideak topatzen ibiltzea, horrela ibili gara eta ibiliko gara. Eta animatu egin nahiko nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak