Idatzia egingo du egunotan Garraio batzordeak herritarrek sina dezaten. Aldundiak jarritako garraio zerbitzuari ezetza emango dion idatzia izango da, eta ondoren alkateari emango diote bitartekari lanak eginez Aldundiko ordezkariari eman diezaion. Hain zuzen joan zen egubakoitzean zen elkartzekoa Joxerra Perez alkatea Kote Olaizola Garraio zuzendariarekin, baina atzeratu egin zuten bilera. Batzordeko kideek, Udalari ere egin gura diote eskaera: argi eta garbi azal dezala bere iritzia.
Garraio zerbitzuaren gaineko iritzia jasotzeko osoko bilkura egin zuen joan zen astean udalbatzarrak. 25 lagunetik gora elkartu ziren, eta oso haserre azaldu ziren guztiak ere. Garraio publikoa eskatu zuten Garraio batzordeko ordezkariek, hau da, Eibar/Gasteiz ibilbidean sartzea eta Eskoriatzara datozen autobusen erdia Gatzagaraino heltzea; baita aste bukaeratako gautxoria ere. Hainbat guraso, gainera, haserre zeuden Almen ikastolara doan autobusean ikasleak ez direnak sartzeko aukera eman dutelako, eta horren aurka egingo dutela jakinarazi zuten. Udalari esan zioten ezetza emateko Aldundiak jarritakoari.