Arlabango mendatea itxi egin dute kamioi batek matxura izan duelako

Gorka Etxabe 2004ko urt. 21a, 14:03
Goizeko 9:30ean itxi du Ertzaintzak Arlabango mendatea. Kontua da, zama berezia zeraman kamioi batek matxura izan duela, eta errepide erdian geratu dela. Eguerdiko ordu batean garabiak gerturatu dira kamioiak matxura izan duen tokira, baina arratsaldera arte ez dute uste zirkulazioa irekiko dutenik.

Eibar-Gasteiz autobidearen eraikuntzan erabilitako metalezko pieza erraldoia zeraman kamioiak matxura izan duenean. Arlabango mendateko bihurgune okerrenean izan du matxura, eta errepide erdian geratu da, ez aurrera eta ez atzera. Hainbat lekukok GOITBri adierazitakoaren arabera gutxigatik ez da irauli.

Bergaratik abiatu da kamioia goizeko bederatziak aldera eta Santiagora zihoan. Goizeko laurak aldera antzerako pieza metalikoa zeraman beste kamioi bat igaro da Arlabandik, eta harek ere arazo dezente izan ditu Gure Ametsako jatetxe parera iristeko.

Auto ilara luzeak Gasteizko noranzkoan

Ertzaintzak hamarrak aldera itxi du Arlabango mendatea. GI-627 errepidea hain justu ere. Gasteizko zein Arrasateko noranzkoan itxi dute mendatea eta auto ilara luzeak sortu dira. Hori horrela, Leintz Gatzagako errepidean autoen joan-etorriak gora egin du.

Kamioi mordoa geratu dira Arlabango mendatean harrapatuta, eta oraindik bertan daude. Eguerdiko ordu batean iritsi dira garabiak, baina uste da arratsaldera arte Arlaban itxita izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak