Lorea Armendariz: "Nota onena ateratzeak ateak irekiko dizkit"

Imanol Beloki Unamuno 2024ko mar. 22a, 09:13
Lorea Armendariz ikerlari eskoriatzarra Londresen, Oxforden.

Lorea Armendariz (Eskoriatza, 1998) Fisikako gradua ikasi du Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean, eta Material Aurreraturen Ingeniaritza Masterra Euskal Herriko Unibertsitatean, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Ikasketa horietan emaitza paregabeak lortu ditu eta orain fruituak batzen hasi da.

Ikasketa prozesua luzea izan duzu, eta ikasten jarraitzen duzu, ezta?

Luis Ezeiza herri eskolan egin nituen Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza; Bigarren Hezkuntza, berriz, Kurtzebarri eskolan, eta, ondoren, Zientzia eta Teknologia batxilergoa, Arizmendi Ikastolan. Gero, Leioara joan nintzen, Fisikako gradua ikastera lau urtez. Gradua amaitutakoan, urtebetez egon nintzen Ceit zentro teknologikoan praktikak egiten. Horren ostean, Material Aurreraturen Ingeniaritza masterra egin nuen EHUn, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Aldi berean, praktikak egin nituen ITP Aero enpresako ikerkuntza departamentuan; hegazkinen motorretan erabiltzen diren materialak ikertu nituen. Ondoren, master amaierako lana EHUko eMERG taldean egin dut (Materials Engineering Research Group, Materialen Ingeniaritza Ikerketa Taldea). 2023ko apirila ezkero talde berean lanean nabil, ikertzaile, eta, masterra amaitu ostean, Oxfordeko Unibertsitatean ikerketa-egonaldi bat egiteko aukera suertatu zitzaidan. Nire ikerketa hidrogenoa garraiatzeko eta gordetzeko material berrietan dago zentratua, eta hidrogenoaren eta materialen arteko elkarrekintza ikertzen duen Oxfordeko talde batean nago orain. Urtarriletik nago hemen, eta abuztura arte ibiliko naiz ikertzen.

Martxoa amaitu aurretik sari bat ere jasoko duzu graduazioan, Material Aurreraturen Ingeniaritza masterreko nota onenak zureak direlako, ezta?

Material Aurreraturen Ingeniaritza masterra egin dut; material berriak garatzeko zientzia eta teknologia berriak ikasi ditut. Master amaierako lanean, energia berriztagarriak inplementatzeko erronkan, hidrogenoa modu seguruan gorde eta garraiatzeko gai diren material berriak aztertzen aritu naiz. Eta bai, orain dela gutxi esan zidaten promozioko nota altuena lortu nuela; beraz, sari bat emango didate horregatik. Ekitaldia Ingeniaritza Eskolako graduazioan izango da, Bilboko Euskalduna jauregian, martxoaren 26an.

"Promozioko nota onenaren saria Euskalduna Jauregian jasoko dut, hilaren 26an"

Zer da saria zuretzako? Espero zenuen?

Asko pozten nau saria jasotzeak, egindako lan guztiaren ispilu delako, eta esfortzu guztia zoriontzeko modu bat ere bada. Bilatu ez dudan zerbait da; hortaz, pozik nago, ez dudalako saria lortzeko presio hori izan. Egia esan, ez nekien saria existitzen zenik ere. Masterra egiten ibili nintzen urtean, egunero goizetan praktikak egiten nituen eta arratsaldeetan, berriz, bost orduz eskolak izaten nituen. Nire moduan klaseko beste ikaskide batzuk zeuden eta ahal genuena egiten genuen; gure helburua ikasgaiak gainditzea zen, ez genuelako denborarik egunean zehar ikasteko. Hala ere, nota onak atera nituen masterrean, ikasten nenbilena gustatzen ari zitzaidalako. Doktoretzarako hautaketa prozesuan, espediente akademikoa eskatu behar izan nuen; rankinga agertzen zen, eta bertan ikusi nuen lehena izan nintzela. Geroago deitu zidaten esanez sari bat emango zidatela.

Ateak irekiko dizkizute aurrez egindako lanak eta lorpenek?

Ba, egia esan, ikerketa munduan asko baloratzen den gauza bat da; lehiakortasuna handia da, eta curriculumak pisu handia du: notei, sariei, rankingei… asko begiratzen diete; horrenbestez, orain nagoen lekuan egoteko laguntza handia izan da. Ikerketa munduan bekak eta finantzaketa lortzea ezinbestekoa da lan egin ahal izateko eta ikerkuntza lanean aukera hobeak lortzeko.

Oxfordeko ikerketa-laborategian zer duzu esku artean?

Ingeniaritza Zientzien sailean, hidrogenoaren eta materialen arteko interakzioa aztertzen duten laborategi batean nago. Nire lana esperimentala da; beraz, esperimentuak diseinatu, laborategian testatu, neurtu, eta gero, hartutako datuak aztertu eta ondorioak ateratzen ditut, zientzia-artikuluak idatzi eta argitaratzeko ondoren. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako H2MAT proiektu batean nabil lanean, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin eta beste enpresa eta zentro batzuekin kolaborazioan. Proiektuaren helburua hidrogenoa gorde eta garraiatzeko material berri bat garatu eta frogatzea da. Material konbinatu hori Arrasateko MUn fabrikatu dugu eta Oxforden testatzen ari naiz.

Epe labur edo luzera zein plan duzu?

Ikerlari izateko doktoretza egin behar da; hortaz, Oxforden doktoretza egiteko hautaketa prozesuan nago. Prozesua abenduan hasi zen, eta luzea da; hainbat fase pasatu behar dira eta finantzaketa lortzeko bekaren bat lortu behar duzu; hortaz, horretan nabil gaur egun. Ongi irteten bada, Oxforden egingo dut doktoretza. Nire asmoa bide beretik jarraitzea eta hidrogenoarekiko erresistenteak diren materialak garatzea da, energia krisi honen alde nire ekarpena egin ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak