TESA aurrean batu dira "enpresaren jarrera baztertzailea salatzeko"

Imanol Beloki Unamuno 2024ko mar. 13a, 12:35

Tesa aurrean egindako kontzentrazioan batutakoak.

Eguerdian zenbait lagun batu dira Eskoriatzako TESA Assa Abloy etxebizitzen eta erakundeen merkaturako sarbideak ixteko eta kontrolatzeko soluzioen fabrikatzailearen enpresa aurrean.  Bertan, Eskoriatzako enpresak langile bat kaleratu duelako batu dira. Arratsaldean, 17:00etan ere salaketa-mobilizazioetarako dei egin dute, leku berean protesta egiteko.

Hemen LAB sindikatutik argitaratu duten oharra:

Otsailaren 20an, TESA enpresak Eskoriatzako Enpresa Batzordeari jakinarazi zion Eskoriatzako lantokian langile baten aurkako zehapen prozesua hasteko asmoa zuela.

Enpresak arrazoitu du, langileak, medikuaren baja izanik, bere konturako lanak egiten zituela, eritasun bat simulatuz. Horrenbestez, enpresak langileari diziplinazko kaleratzea ezartzeko erabakia hartu du.

Ez da egon kaleratzeko arrazoirik. Ez da izan eritasuna luzatzeko gaixotasunaren simulaziorik, ezta manipulaziorik ere ez. Beraz, kaleratze hori langile guztienganako beste errepresalia bat gehiago da.

Enpresa batzordeak bere desadostasuna adierazi nahi du erabaki erabat neurrigabe eta bidegabe horren aurrean, eta elkarrizketa baterako deia egiten dio enpresari, inguruabarrak kontuan hartuta alternatiba proportzionatuagoak aztertzeko.

Gure ustez, kaleratze hori bajan dauden langileak kriminalizatzeko egiten da, eta jarrera horrekin, kolektibo hori jazartzeko aurrekari bat irekitzen da.

Enpresak kaleratze honekin izan duen jarrera baztertzailea salatzen dugu. Praktika honen bidez, enpresak jo puntuan jartzen ditu bajan dauden langileak. Jarrera onartezina iruditzen zaigu, eta, beraz, jarrera baztertzaile eta beldurgarri horiek alde batera uzteko eskatzen diogu enpresari.

Hori dela eta, martxoaren 13an 12:00etan eta 17:00etan Eskoriatzako TESAren sarreran izango diren salaketa-mobilizazioetarako dei egiten dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak