ALBISTEAK

Joserra Zubizarreta: "Ohorea da eskoriatzarren zerbitzura egotea"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 15a, 16:00

Eratu dute udalbatza berria Eskoriatzan, eta zinegotziek kargua hartzeaz batera, Joserra Zubizarreta izendatu dute alkate bigarrenez. EH Bilduko ordezkariek euren buruari eman diote botoa, eta berdin EAJkoek ere, eta Elizateen Elkartekoek, aldiz, alderdi jeltzaleari eman diote botoa, alkatetzari uko eginez.

Zinegotzi adinez nagusienak eta gazteenak Adinekoen Mahaia osatu dute. EH Bilduko Ander Errarte gazteenak, eta Joserra Zubizarreta EAJko nagusienak. Beraiek izan dira kargua hartzen lehenak, eta ondoren, alkatea aukeratzeko bozketa izan da.

Eskoriatzarrei, EAJri, eta etxekoei eskerrak emanez hasi du berbaldia Joserra Zubizarretak kargua berritu bezain pronto. Emozioz beteta, momentu hunkigarria bizi izan du. Orain dela 40 urte zinegotzi kargua hartu zuen Mari Cruz Oianguren Zabalaz ere mintzatu da Zubizarreta: herrigintzan emakumeen protagonismoari atea eta bidea zabaldu zizkion emakume jeltzaleaz.

Horrekin batera, eskoriatzarren zerbitzura egoteko ahalegin guztiak egingo dituela adierazi du, Eskoriatzaren izena maila onean mantentzeko. Horretarako zinegotzi guztiak bidelagun izango dituela espero duela gaineratu du:

"Eskoriatzarrok egun on, esker oneko hitzekin hasi nahi dut gaurko interbentzioa, bihotz-bihotzez eskerrik asko, inoiz pentsatu gabeko historia bateko protagonista bilakatu nauzuelako eta gaituzuelako. Gugan ipini duzuen konfiantza ikaragarria izan delako. Beraz nire eta talde osoaren izenean bene-benetan eskerrik asko.

Era berean eskertu beharra daukat EAJ-PNVri transmititu didan konfiantzagatik eta herrigintzan talde sendo eta on baten partaide bilakatzeagatik.

Norbaitek pentsa dezake gaurko saioa ez dela garrantzitsua. Gaurko saio hau, ordea, legealdi berri baten unerik garrantzitsuena da… honen bidez, erakundeei jarraitutasuna ematen zaielako, diegulako. Gaurko saio honekin irudikatzen ari gara kateak ez daukala etenik eta beste norbaitzuek irekitako bideari segida emanez, urrats berriak egiteko prestutasuna daukagulako.

Une hau aprobetxatu nahi dut orain dela 40 urte zinegotzi izan zen Mari Cruz Oianguren Zabala emakume ausarta eta adoretsua bidea eta atea zabaldu ziona emakumeen protagonismoari herrigintzan.

Ostegunean pasatu dira lau urte, lehen aldiz hitza hartu nuela gure herriko alkate moduan, orduen ere antzeko hitzak erabili nituen, esker onekoak. Lau urte hauetan herritar askorekin izan naiz eta guztiengandik zer ikasia izan dut. Esperientzia oso bizia, intentsua, aldika neketsua baina merezi izan duena. Talde osoa adi egon gera herritarrek esan duenari beti prest jasotakoa bideratu ahal izateko. Beraz nirekin batera egon zaretenoi ere eskerrik asko.

Bide batez, aprobetxatu nahi dut une hau nirekin batera lau urte hauetan udaleko lanetan lagundu didazuen guztioi eskerrak emateko. Elkarlana izan da legislatura honetako ikurra, beraz zuei guztioi ere eskerrik asko.

Ohore bat da eskoriatzarren zerbitzura egotea eta ahalegin guztiak egingo ditut Eskoriatzaren izena maila onean mantentzeko. Espero dut zinegotzi guztiak bidelagun izango ditudala ekimen horretan.

Hori da, nigandik gertuen zaudeten arreba, koinatu, familia eta bereziki Maria Angeles, Irati eta Gartxot. Beti alboan egoteagatik prest laguntzeko, aguantatzeko eta egiten ari garen bidai honetako sufridore isilak izateagatik. Zuek gabe hau ez litzateke posible izango.

Mila esker guztioi, gora Eskoriatza eta gora Euskadi askatuta!".

EH Bildu elkarlanerako gertu

EH Bilduko Eluska Irazu bozeramaileak ere eskerrak eman dizkie babesa adierazi dieten herritar guztiei. Hala, herritarren eta eragileen parte hartzea sustatuko duten neurriak abian jarrita, herritarrekin harreman zuzena izan nahi dutela gaineratu du, lanerako prestutasuna agertuz:

"EH Bilduko hautagaitzaren izenean, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure aldeko hautua egin duzuen eta babesa adierazi diguzuen herritarroi.

Askotan esan dugu, udala ez dela alderdi bati edo besteari botoa eman dioteenena soilik; herritar guztiona izatea nahi dugu, herritarren eta eragileen parte hartzea sustatuko duten neurriak abian jarrita. Herritarrekin harreman zuzena eduki nahi dugu, udal politiketan zuzenean inplika daitezen.

Gardentasunez egingo dugu lan, denon dirua zertara bideratzen den eta nola kudeatzen den jakiteko eskubidea dute herritarrek. Eskubide horren aldeko konpromisoa hartzen dugu.

Gure lehentasuna herritar guztien ongizatea bermatzea da. Hala, gure ustez, horrek egon behar du erakunde guztien politika publikoen erdigunean. Bazterrean daudenen aldeko jarduna izango da gurea, horretara bideratuko ditugu gure zerbitzuak, murrizketa sozialik egon ez dadin eta bizitza duinerako eskubidea berma dadin.

Eta horretarako proiektu aurrerakoi, independentista, feminista eta euskaltzalea daukagu. Proiektu hori da herritarren esku jarri nahi duguna, herri bizi eta bizigarria eraikitzeko, zuekin batera eztabaidatu eta zuen partaidetzarekin erabaki nahi duguna.

Herritar guztiak kontuan hartuta lan egin nahi dugu, nola ez, arrazoi politikoengatik urrun edo espetxean daudenak ere aintzat hartuta. Guk herrian eta Euskal Herri osoan, demokrazian sakontzeko eta guztion eskubide zibil eta politikoak bermatzeko lan egingo dugulako.

Amaitzeko, lanerako konpromisoz, maiatzean lortutako emaitzak egiaz emankorrak izateko, elkarlanean aritzeko prestutasuna agertzen dizuegu udalbatza honetako hautetsiei eta herritar guztioi".

EH Bilduko Nestor Aranak ezin izan zen, bertaratu, hori horrela, udalbatza berriaren lehenengo osoko bilkuran hartuko du kargua.

Elizateak lanerako prest

Eskoriatzako Elizateen elkarteak, aldiz, ez du alkatetzarako bere burua aurkeztu. Ohitura moduan, hauteskundeetan boto gehien eskuratu duenari eman dio botoa. Hala, lanean jarraitzeko asmoz agertu da Iñaki Kerexeta bozeramailea: "Ohitura moduan, gure burua ez dugu aurkeztu alkatetzarako eta gure botoa Joserra Zubizarretarentzat izan da. Datorren agintaldian, pasa den urtetako bide bera jarraituko dugu: lana, lana eta lana".

Ekitaldiari amaiera emateko, talde argazkia atera du udal talde berriak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak