Uztailean hainbat hitzordu izan dira, eta iraileko lehenengo aste bukaera honetan, Wood Strings, Gatributu eta Virgin Soul taldeen kontzertuekin, hamargarren edizioa borobilduko dute.
Balorazio gazi-gozoa
Juan Luis Zubizarreta Atxorrotx Kultura Elkarteko lehendakariaren esanetan: "Edizio hau berezia izatea nahi genuen, eta, orokorrean, balorazio positiboa izan arren, hasierako emanaldietan ikusle gehiago izan dira, azken hiru emanaldietan baino, eta, gainera, eguraldiak ez du lagundu azken hiru hauetan. Egubakoitzeko eta zapatuko emanaldiak Hotelean egingo ditugu, hasiera-hasieratik, Errekan Gora antolatzen eta bultzatzen izan delako. Ea jendea gerturatzen den…".
Hiru emanaldi, bi egunetan
Egubakoitzean, 22:00etan, Wood Strings Aretxabaletako taldea igoko da oholtzara, formatu akustikoko kantak eskaintzera. Paulek, Oierrek, Aselek eta Eñautek osatzen dute taldea, bi gitarra, bateria eta txeloarekin.
Aretxabaletarren emanaldi akustikoa amaitzean, 23:00etan, Gatributu taldea igoko da oholtzara. Gatibu euskal taldearen kantak bertsionatuko dituzte, eta, Goio Arrieta aretxabaletarra, taldeko kidea dena, Alex Sardui Gatibuko abeslari gernikarra imitatzen saiatuko da. Taldean: Aretxabaletar bi, eskoriatzar bi eta Aretxabaletan bizi den eskoriatzar bat izango dira. Ixak Sarasua eta Beñat Arrieta gitarrarekin, Ibai Iregi baxuan, Gari Barandiaran baterian eta Goio Arrieta ahotsean.
Zapatuan, berriz, Kataluniako Virgin Soul taldearen kontzertua izango da, 19:00etan. Bartzelonako Lizeo kontserbatorioko ikasle ohiek osatutako taldea da, eta Euskal Herrian bigarren urtez egiten duten biraren barruan, Eskoriatzan egingo dute geldialditxoa. Miren Zulaika abeslariak, Enric Fuster bateria-joleak, Aleix Triado gitarra-joleak, Carlos Pascual piano-joleak eta Joan Barnaus baxu-joleak osatzen dute soul taldea.
Keinua kataluniarrei
"Wood Strings eta Gatributu taldeak bertakoak eta indarra hartzen diren taldeak dira. Virgin Soul, bestalde, Kataluniako independentzia prozesua dela-eta, beraiei keinua egiteko ekartzea erabaki dugu…", adierazi du Zubizarretak".