Antzinatik ospatzen den jaia da San Bartolome eguna Eskoriatzako Mazmela auzoan. Lehen, San Bartolomeko ermitan: meza, luntxa eta erromeria egiten zen, baina azken urteotan egin berri den auzo-elkartean bazkaria egin izan dute auzotarrek, eta aurten ere, bertan egingo dute ospakizun jaia.
Eguneko plangintza
Goizean, hainbat joko izango dira txikienentzat; pilota partiduak elizako frontoian, tiragoma txapelketa… besteak beste. Ostean, Egoitz eta Imanol trikitilariekin bat egingo dute herrian hainbat auzotarrek, eta poteoa egin ostean, bazkaltzera igoko dira elizatera, auzotar guztiekin han batuz.
Bertan, catering-ak prestatutako bazkaria jan, eta bapo bazkaldu ostean, pandero eta trikiti doinuekin girotuko dute bazkalostea.