"Ez gara oporretara joan, laguntzen izan gara"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko uzt. 25a, 13:02

Ane Arrieta eta Sara Agiriano eskoriatzarrak Kenyan izan dira ekainaren 27tik uztailaren 14ra bitartean umezurztegi batean laguntzen. Esperientzia izugarria izan dela adierazi dute, esperientzia kontatu, eta zalantza barik, berriz bueltatuko zirela gaineratu dute.

Zer dela-eta joan zarete Kenyara?

Sara Agiriano: Bilbon, ingeles eskolak hartzen ditudan akademian, Marta irakaslearen bitartez joan gara hara. Askotan izan da Indian eta Nepalen GKEekin emakumeei integratzen laguntzen… Niri, lagunen batekin joan nahi nuen galdetu zidan, eta hala joan gara.

Ane Arrieta: Ez gara oporretara joan, laguntzen izan gara. Gauza asko zeuden egiteko. Martak zerrenda bat egin zuen oinarrizko beharrak zeintzuk ziren jakiteko. Diru bilketa egin genuen lehenengo; astebeterako janaria lortu, umeentzako koltxoneta handi bat eraman genuen…

Umezurztegiko esperientzia nolakoa izan da?

S.A.: Umezurztegian, hamar haur daude guraso gabe; hala ere, umezurztegiaz gain, eskola dago, eta bertan 60 bat ume inguru daude. Bertara joateko hilero euro bat inguru ordaintzen dute, oso garestia da beraiendako.

A.A.: Hiru multzotan sailkatzen zituzten haurrak: umezurtzak, guraso bakarrekoak eta bi gurasoak zituztenak. Hala, gu joan ginenean 40 inguru zeuden. Guk ere hala banatu genituen beraien artean eraman genituen arropa guztiak.

Zertan lagundu duzue?

A.A.: Besteak beste, egon ginen herritxoan eskola eraiki genuen joan ginenon artean, eta beraiek ere asko lagundu ziguten.

S.A.: Zuloak egin genituen zutabeak jartzeko bertikalki eta horizontalki, eta landare batetik ateratako sokak erabiliz, zutabeak eta makilak lotu, harriak –lur gogorra– jarri eta lokatzaz betetzen genituen honek zementu lana eginda.

Harritu zaituzten ezer?

A.A.: Alfabetatze maila oso baxua da, eta etorkizunera ez dute begiratzen, egunerokotasunean bizi dira. Arropa banatzen geundela, 2 urteko umea negarrez ikusi genuen. Bi egun jan barik zegoela esan ziguten eta gaileta bat emanda sekulako poztasuna agertu zigun. Litxarkeriak ere eraman genizkien, eta paperarekin batera barrura…

S.A.: Ume argal-argalak ikusi ditugu, tripa handiarekin, filmetan ikusi izan ohi ditugun moduan, pobrezia handia dago. Bi prezio daude han: zuriena eta beste guztiena. Hala, ustelkeria handia dago han. Taxi baten, jendez beteta joan ginen, poliziak geratu egin gintuen, eta larritu egin ginen une bat izan genuen; izan ere, pasaportea kendu ziguten… Dena den, ordaindu, eta sustoa besterik ez zen izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak