Santa Anako aparkalekuaren etorkizunaz asko hitz egin da herrian azken asteetan. Udalak eta bertako lurren jabeek ez dute akordiorik adostu, eta, beraz, itxi egingo da. Herrigunearen erdian dagoen aparkalekua erabilpen handikoa da, 80 aparkaleku dituena, eta Udalak alternatiba bilatu du.
Honela azaldu du Udal Gobernuko kide Josu Ezkurdiak, Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak: "Lur eremu pribatuko jabeekin akordio batera ez garenez iritsi, datorren astean itxiko dugu. Bi-hiru eguneko epea utzi dugu, bertan dauden autoak ateratzeko, baina martitzenerako edo eguaztenerako itxita izango da".
Proiektu berrian aurrerapausoa
Alternatiba gisa, herrian zehar 40 aparkaleku egin dituzte, eta Huhezi unibertsitateko Dorleta eraikinaren ondoko belardian beste 40 egin nahi ditu Udalak. "Huhezikoen jarrera oso ona izan da, eta hainbat eskaera tekniko betetzen baditugu, doan utziko digute lur eremua", azaldu du Ezkurdiak.
Huheziko belardia unibertsitatearena da, eta adostasun batera iritsi da Udala bertan aparkalekua egiteko. Asmoa irailean hitzarmena sinatzea eta obrak urrirako amaituta izatea da, hainbat baldintza betez: oinezkoentzako pasoa uztea, argiztapena jartzea… Lanen kostua, berriz, 20.000 eurokoa izango dela aurreikusten dute.