Ursula Strong –bateria– eta Koldo Soret –gitarra-jolea eta ahotsa– musikariek osatutako taldea da Niña Coyote eta Chico Tornado. Bikoteak riff gogor eta indartsuak eskainiko ditu egubakoitzean Gernika plazan 22:30ean eskainiko duten emanaldian.
Estatu mailan eta nazioarte mailan hainbat emanaldi egin dituzte 2013ko irailean, lehen aldiz, Niña Coyote eta Chico Tornado bezala oholtzara batera igo zirenetik, eta, ordutik, gitarra eta bateria nahikoa ditu bikoteak kontzertu ederrak egiteko. Azkena Rock, BBK Live… festibal handietan jo izan dituzte kontzertuak, eta, oraingoan, Eskoriatzako Errekan Gora jaialdian entzun eta ikusteko aukera izango da.
Orain arte balorazio positiboa
Aukeran dantza taldearen eta El Trio de Medianoche taldearen emanaldiak arrakastatsuak izan dira. Atxorrotx Kultur Elkarteko Iñaki Kortazarrek azaldu duenez: "Bi hitzorduetara jende asko hurbildu zen, eta, eguraldiak lagunduta, ez genuen leku aldaketarik egin behar izan. Hirugarren emanaldian musika gogorragoaz disfrutatzeko aukera izango dute herritarrek, eta, aurrekoetan bezala, jendetsua izatea espero dugu".
Aukeran Dantza Taldea Gorosarri plazan:
El Trio de Medianoche taldea Zaldibar antzoki kanpoan:
Depedro, talde nagusia
Hurrengo emanaldia, Depedro taldea izango da, eta El Pasajero lan berriarekin izango da Eskoriatzan, uztailaren 21ean. Egitarauko talde nagusia da, eta emanaldi guztien artean ordaindu behar den bakarra. Hala, dagoeneko salgai daude sarrerak bost eurotan eta kontzertua Huheziko klaustroan izango da, 22:30ean. Sarrerak Eskoriatzan –Inkernun eta kiroldegian–, Aretxabaletan –Haizea tabernan–, Arrasaten –Taupan eta Iluntzen–, Bergaran –Pol Pol tabernan– eta Oñatin –Arrano tabernan– daude salgai. Eskariak egiteko, berriz, info@atxorrotx.eus helbidean egin daitezke.
Guztira, 500 sarrera jarri dituzte salgai, eta antolatzaileek aurreikuspen handiak dituzte emanaldi horretarako. "500 sarrera ateratzea erabaki dugu. Agian, askotxo dira, eta ez ditugu denak salduko, baina Huheziko klaustroa betetzea da gure helburua".