Zapatuan amaitu ziren sanpedroak, eta, eguraldiak lagundu ez duen arren, arrakastatsuak izan direla azaldu du Udalak. Honela azaldu du Joserra Zubizarreta alkateak: "Gorabeherak izan ditugu eguraldiarengatik. Azken orduko leku aldaketak egon dira. Hala ere, parte-hartzea ona izan da. Txupinazora, esaterako, elkarte ezberdinetako ia 80 ordezkari gerturatu ziren… Orain, jai batzordean erabaki beharko da datorren urteko jaietarako berrikuntza edo aldaketarik egin behar ote den".
Kuadrillen joko barik, arrakasta
Eskoriatzako txosna batzordeko kideak ere fin-fin aritu dira jaietan lanean. Hainbat ekintza antolatu dituzte eta guztiak izan dira arrakastatsuak, nahiz eta kuadrillen arteko jokoak ez ziren gauzatu. Horren arrazoia da eguraldiak ez zuela lagundu eta izen-emate gutxi egon zirela. Hala ere, kuadrillen arteko bazkarian jende asko batu zen, eta, jokoak bertan behera geratu arren, bazkalostean, bingoa, tonbola, Beerpong eta fardo jaurtiketa jokoak egin zituzten, besteak beste.
Merezitako aitortza Mikel Letonari
Eskoriatzako txosna batzordeko kideek urteetan egin duen lana aitortu zioten Mikel Letona Motelo-ri. Horretarako, Motelo zure lana gure eredu idatzita zeukaten pankarta aurrean, txosna batzordeko kideek eta kuadrillakoek talde-argazkia atera zuten.