"Oposizio eraikitzailea egitearen aldekoak gara"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko uzt. 6a, 16:02

EH Bildu alderdiko ordezkariak Fernando Eskoriatza plazan. Eh Bildu

EH Bilduk legealdi erdiaren balorazioa egin du. "Elkarlanerako zirrikitua" ireki bada ere, etorkizunera begira Gobernu taldeak "zer behar duen" jakin nahia azaldu du, "hirigintzan, arlo komertzial, sozial eta kulturalean norabiderik eza desagerrarazteko".

Eskoriatzako EH Bilduko alderdikideek legealdi erdiaren balorazioa egin dute, eta, hasiera ona izan ez bazen ere, bide onetik doazela azpimarratu dute. Hala, oposizio eraikitzailea egitearen aldeko apustu irmoa erakutsi dute herri jasangarriago, solidarioago, justuago eta euskaldunago baten alde.

"EAJk, Eskoriatzako hauteskundeetan boto gehien lortu zuen alderdiak, bere gobernuari egonkortasuna emateko Elizateekin akordioa lortzea lehenetsi zuen beste aukera politiko batzuei ateak itxiz; aurreko legealdi batzuetan aukerak zabaldu izan dira. Une horretatik aurrera, EAJk ia obsesio izan du aurreko legealdian egin ziren hainbat gai  ezerezetan: hondakinak, urrezko konoen kalea oinezkoentzat ez izatea, axtrokiak kentzea (merkatariei kontsultatu gabe), eragile kultural eta sozialekin elkarlanerako hitzarmenak kentzea…", azaldu du Aitor Zubizarretak, EH Bilduko bozeramaileak. Gaineratu du: "Bi urte hauetan herriaren eguneroko zereginez arduratu da, egia da, dedikazio handia duen gaia dela, baina legealdiaren erdira iritsita, oraindik ez dakigu zein den EAJren proiektu estrategikoa herri honentzat".

Elkarlanerako zirrikitua

EH Bilduk bere abstentzioa eskaini zuen herriarentzat erabakigarriak diren gaietan partidak sartzearen truke: horren adibide dira merkatarien mahaia sortzea eta herriko prekarietate ekonomikoaren azterketa bat egitea. "2018ko aurrekontuak prozesu parte hartzaile baten bidez egiteko konpromisoa ere hartu zuen EH Bilduk, eskoriatzarren errealitate eta beharretara egokituago egongo diren aurrekontuak izan daitezen. Inpresioa daukagu gobernu taldeak ez duela behar besteko ahalegina egiten gai horietan, ez du lidergorik, eta, ondorioz, hartutako konpromiso hauek betetzea zaila izango da. EH Bildutik gure ekarpenak egiten ari gara, baina arlo bakoitzeko arduradun politikoak dira gai horien lidergoa izan behar dutenak. Horren ordez, prentsako agerraldiak geroz eta gehiago dira. Behin baino gehiagotan udaletxearen asmoen berri prentsan jakin dugu batzordeetan baino lehen. Lana lan batzordeetan egin behar da eta ez era unilateralean. Argazkiak ondoren!".

Etorkizunera begira

EH Bilduk oposizio eraikitzailea egitearen alde egiten duela azaldu du. Baina horretarako, Gobernu taldeak etorkizunera begira herriarentzat arlo ezberdinetan zer behar duen jakin behar dutela adierazi dute: "Norabiderik eza desagertu behar da. EH Bildu, oposizioko lanetik, egoera horrekin bukatzen saiatuko da. Hauteskunde programan, guztiontzat hobea izango den herri baten alde egin zuen, eta egingo du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak