Berrikuntzekin datoz kuadrilla jokoak

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 27a, 15:22
Bi parte hartzaile kuadrillen arteko jokoetan, iaz. eskoriatzako txosna batzordea

Kuadrilla jokoen prestakuntza lanetan murgildurik dihardute txosna batzordeko kideek. Tartean, jokoen formatua eta taldeak sortzeko era aldatu gura dituzte. "Azken urteetan, behera egin du parte hartzeak; horri buelta ematen saiatzeko bitartekoak jarriko ditugu"; azaldu du Asier de la Florrek, txosna batzordeko kideak. Egitasmoak zazpigarren edizioa du aurtengoa.

Aldaketei dagokienez, esan bezala, jokoen formatua moldatuko dute. "Aurten, herri kirolen bueltako jokoak egiteko ideiarekin dihardugu", dio De la Florrek. Besteak beste, lokotxak, oliba jaurtiketa eta zaku jolasa egingo dituzte. Aipatu beharrekoa, bestetik, joko sorta ez dela errekan amaituko –kuadrilla jokoen aurreko edizioek hori zuten ohitura–.

Bestetik, izen-emate modua ere aldatuko dute. Alegia, kuadrillaka apuntatu beharrean, norbanako bezala eman beharko da izena. "Esku hartu gura duen jendea egon badago, baina batzuek ez dute taldea sortzeko behar beste kide lortzen. Apuntatzeko aukera eskaini nahi diegu horiei", dio De la Florrek. Hala, talde mistoak izango dira. Esku hartu gura duenak txosna batzordeko kideei jakinarazi beharko die.

Eguna biziberritzen

Txosna batzordeko kideek azaldu dutenez, egunari bizia eman guran sorturiko egitasmoa da. "Duela zazpi urte ekin genien jokoei. Egun solte bat zen; herritarrari ezer berezirik eskaintzen ez ziona. Horri buelta eman gura genion", azaldu du Mikel Letonak. Gaineratu duenez, "gazte giroa sortzen da horrela".

Kuadrilla jokoez aparte, txosna batzordeko kideek bestelako ekintzak eskaini ohi dizkiete herritarrei; hor daude kuadrillen arteko bazkaria, tiragoma eta beerpong txapelketak eta kontzertuak. Esan behar da herri bazkariko menua ere aldatu gura dutela antolatzaileek.

"Giro polita sorrarazten dute kuadrilla jokoek. Gura beste jendek parte hartzen ez duen arren, ikusle ugari gerturatzen da. Bestalde, herriko kuadrilla ezberdinak elkarrekin ibiltzeko aitzakia ere badira kuadrilla jokoak", esan du De la Florrek.

Amaitzeko, egitasmoan esku hartzeko dei egin diete txosna batzordeko kideek herritarrei: "Kuadrilla jokoetan izena ematera animatu gura ditugu herritarrak, denon artean giro polita sor dezagun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak