Ibilbidea urterokoa izango da: San Pedro, Olazar, Dorleta, Aranburuzabala eta Fernando Eskoriatza plaza. Danbor hotsek herriko kaleak beteko dituzte. 20:30ean, afaria egingo dute Joseba Iñurrategi pilotalekuan, eta 22:30ean emango diote hasiera ekitaldiari. Cirilo Perea, Eguzkilore konpainiako zuzendaria, buru-belarri aritu da entseguak gidatzen ekaineko astelehen eta martitzen guztietan, eta egunerako gogoz agertu da: "Guztira, zazpi konpainiak osatuko dugu aurtengo danborrada, eta azkenengo entseguan, ekainaren 26an, erabakiko dugu nola jarriko garen ibilbide amaieran, Fernando Eskoriatza plazan. Izan ere, ez dakit denok sartuko garen, aurten jende gehiagok hartuko duelako parte, eta errepidearen zati bat hartu beharko dugu, agian…".
Parte-hartze handia
200 pertsonatik gora izango dira danborradan, eta aurten, karrozarik izango ez den arren, Eskoriatzako txosna batzordeko gazte taldean 30 pertsona gehiago izango dira. Bestalde, Kirol Elkarteak osatu berri duen konpainian beste horrenbeste batu dira nagusien danborradara.
Kirol Elkartea estreinakoz
Eskoriatzako Kirol Elkarteko kideek eta kirolariek hartuko dute parte aurtengo danborradan estreinakoz. Guztira, 32 pertsona batu ditu konpainiak, eta ilusioz agertu dira ekintza horretan parte hartzearekin.
Honela azaldu du Kirol Elkartearen konpainiako Antonio Regañok: "Hainbat urtez egon gara pentsatzen danborradan irtetea. Kirol Elkartea herriko elkarte garrantzitsua da, eta danborradan errepresentazioa behar zuela uste genuen. Azkenean, animatu egin gara".
Batailoian, jokalariak, delegatuak, entrenatzaileak eta elkarteko taldekide ohiak irtengo dira, eta bandera eramaten duena urtero aldatzea erabaki dute. "Aurten, Maite Uribe izango da bandera eramango duena, elkartearekiko duen maitasunagatik eta kirol elkarteko partaide izan delako harrotasunez…", azaldu du Regañok.
Haurren danborradako karroza
Etxeko txikienek ere aukera izango dute, urtero moduan, danborradaz disfrutatzeko. Iaz, laurogeita hamar haurrek hartu zuten parte Eskoriatzako haurren danborradan. Zazpi batailoi osatu zituzten, eta, adibidez, berri bat ere aterata estreinakoz. Aurten, parte-hartzea antzerakoa izango da, eta ekainaren 30ean 18:00etan irtengo dira haurrak urteroko ibilbidea egitera. Karrozari dagokionez, berriz, Beheko Errota Eskoriatzako musika eskolari omenaldia egingo dio, 1989an sortu zenetik gaur egun arte egindako lana eskertuta.
Gaur egun, 276 ikasle ditu Eskoriatzako Beheko Errota musika eskolak, hamasei musika-tresna jotzen irakasten dute bertako irakasleek, eta dantza eta musika eskoletan erakusten diren beste ikasgai batzuk ere irakasten diete ikasleei. Eta ezin da ahaztu Eskoriatzaren eta eskoriatzarren bizitzaren zati den musika bandak egiten duen lana; benetan harro egoteko modukoa musikariek herrian egiten duten lana.