Hildako mendizale eskoriatzarren oroimenez bi urtean behin antolatzen duten Txikirri-txikirri mendi ibilaldian pentsa baino jende gehiagok hartu du parte hamaikagarren edizio honetan. Ibilbide ezberdin bat egin da aurten ere, eta giroa, berriz, ezin hobea izan da.
Fernando Eskoriatzako plazatik, 07:30ean abiatu ziren parte-hartzaileak Letetik gora, 24,2 kilometroko bidea aurretik izanda. Mendiolatik gorako pagaditik gora, Mugarriluzeko eolikoetara heldu, handik, Lexargaratera eta Atxorrotxetik, Eskoriatzako plazan amaitzeko.
261 parte-hartzaile, ibilbideko hainbat puntutan hogei boluntario inguru laguntzen, eta eguraldi apartarekin, martxa ederra burutu zen. Antolatzaileak balorazio positiboa egin dute aurtengoak emandakoarekin. Hala azaldu du, Iñaki Agiriano antolatzaile taldeko kideak: "Oso ondo joan da aurtengo martxa. Gure aurreikuspen guztiak bete dira, eta gainezka egin digu. Izan ere, parte-hartzaile kopuru aurreikuspena 200 pertsonakoa zen, baina 261 pertsona agertu dira, eta hasieran larritu garen arren, erosketak… eginda genituelako, ederto irten da. Parte hartu duten horietatik bost-sei lagun izan ezik, guztiek bukatu dute martxa".
Bertako parajeak ezagutzen
Agirianok azaldu duenez, martxara datozenek bertako bideak ezagutzea duela helburu Txikirri-txikirrik azaldu du: "Gure asmoa, lau eta sei orduko tartean, goizez egiteko martxa bat egitea izaten da, eta honekin batera, bertako paisaia, senda eta bide berriak erakusteko izan dadila".
Errotzen ari den martxa
Txikirri-txikirri hildako mendizale eskoriatzar batek esaten zuen hitz batetik dator. Hala, azaldu du Agirianok: "Garai batean elkarrekin aritzen ginen mendian, eta berak beti esaten zuen: 'Goazen txikirri-txikirri hein bijuau, pixka bat takarraran…'. Eta bere hortik dator martxa honen izena.