Gerrikaetxebarria eta Mujika garaile Gabez Takarraran lasterketan

Jagoba Domingo 2017ko eka. 11a, 13:47

Ander Gerrikaetxebarria zornotzarrak (2:00:59) eta Maddi Mujika urretxuarrak (2:23:50) izan dira Eskoriatzako gauean azkarrenak. Gazte mailan ostera; hauek ibilbide laburragoa egin zuten, Beñat Guridi (54:10) eta Irati Etxebarrieta (1:12:34) azkarrenak.

Gauak egunean zehar egindako beroari tregoa apur bat eman bazion ere, korrikalariek gogotik sufritu zuten Gabez Takarraran lasterketako zazpigarren edizioan. Ibilbideko puntu askotan ordea, herritarren indarra jaso zuten eta korrikalari askoren esanetan gogorra izan arren, pozik amaitu zuten. Gerrikaetxebarria bizkaitarra izan zen Eskoriatzako plazara heldu zen kirolari azkarrena; lehenengoz korritu zuen lasterketa eta hasieratik gogor ekin zion. Lehenengo itzulian, bigarren amaitu zuen Asier Alonso oñatiarrarekin heldu zen Eskoriatzara. Oñatiarra aurretik joan arren, ibilbidearen bigarren zatian aurre hartu zion zornotzarrak eta minutu eta erdiko aldea lortu zuen txapela jantzi al izateko. Gizonezkoen podiuma Gaizka Romero arrasatearrak osatu zuen. Emakumeetan Maddi Mujika izan zen irabazlea lasterketa borobila eginez. Estreinakoa izan zen Mujikarentzat Gabez Takarraran lasterketa eta hasieratik gogor ekin ostean, erritmoari eustea lortu eta pozik amaitu zuen egindako lanarekin. Nerea Amiliak era Ane Perea eskoriatzarrak osatu zuten podiuma.Giro bikaina egon zen kirol probak iraun zuen artean bai Eskoriatzako plazan, baita herriko hainbat txokoetan eta mendian ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak