Nerabeen parte hartzea sustatu nahian, euren proposamenak eta iradokizunak jaso eta parte hartzaile guztien artean gaztelekuan adostu zituzten begiraleekin batera, eta, uztailaren 3tik 7ra, mota askotariko irteeren eta ekintzen aldeko apustua egin dute.
Iratxe Arrese Eskoriatzako gaztelekuko hezitzaileak azaldu duenez, hainbat irteera eta herrian bertan izango diren ekintzak tartekatzen dituzte, eta, egunerokotasunetik irtenda, ekintza bereziak prestatu nahi izaten dituzte Udaeron, urtero moduan, nerabeei hainbat balio helaraziz: "Nerabeen guraso asko oraindik oporretan egoten dira, eta, gazteek oporretako sentsazio handiagoa izan dezaten, ekintza berezien eta herritik kanporako egun-pasen aldeko apustua egiten dugu".
Jolasa eta balioak landuz
Gainera, hainbat balio transmititzen saiatzen dira gaztelekuko hezitzaileak: "Elkarbizitza, lagun berriak egitea, bailarako gazteak elkarren artean ezagutzea, naturarekiko zaintza eta errespetua izatea, euskara lantzea baino gehiago, euskaraz bizi izatea… Horiek lantzen ditugu, besteak beste, lagun artean, bi aste eder pasatzeko asmoz", adierazi du Iratxe Arresek.
Plaza guztiak beteta
Udaero egitasmoan 21 pertsonak eman dute izena eta Gaztekonkis abenturan, berriz, hogeik. Gaztekonkis ekintza Lexargaraten egingo dute; aisialdiaz gain, jokoak egin eta kirolaz gozatzeko aukera izango dute.
EGITARAUA
Uztailak 3
• Paintball-a Galarretan (Araba) eta Garaioko urtegira egun-pasa.
Uztailak 4
• Mutrikuko igerileku naturaletara irteera egun-pasa eta snorkell-a.
Uztailak 5
• Aretxabaletako gaztelekuan afalduko dute. 'Scape room' egin, eta bertan lo egiten geratuko dira.
Uztailak 6
• Usakora irteera egingo dute, bizikletan, patinetan edo skatearekin.
Uztailak 7
• Padel-surfa eta hondartza.
Uztailak 11, 12, 13, 14
• Gaztekonkis abentura egingo dute Lexargaraten.