Tipologia konstruktibo berritzailea duen parkea

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 2a, 10:05

Kuatruenako jolas parkea amaituta.

Kuatruena auzoan material sintetiko bako haurrentzako parkea egin berri dute, eta dagoeneko erabilgarri dago. Hainbat jolas eta iturri bat jarri dituzte eremu itxi batean, eta datorren urtera begira jolas eremua handitzea dute helburu.

Eskoriatzako Kuatruena auzoan Aste Santuaren bueltan hasi ziren haurrentzako parkea egiten, eta pasa den egubakoitzean amaitu zituzten lanak. Herritik aldenduta dagoen urbanizazioari bizitza ematea eta bertako bizilagunek egindako eskaera gauzatzea izan du helburu obra horrek, eta dagoeneko erabilgarri dago.

2017ko aurrekontuetan planteatutako obra hori egiteko, Kuatruena auzoko bizilagunekin adostu zuen Udalak bertan zer egin, eta berritzailea egin dute, gainera,  osorik egurrezkoa dena, eta material sintetikoak erabili barik, hain zuzen ere.

Material sintetiko barik

Bi zatitan banatu dute obra, eta, lehenengo zatia eginda, datorren urtean beste zatiari ekingo diote; hau da, oraingoz, hiru joko eta iturria jarri dituzte Kuatruenako haur parkean, eta datorren urtean beste bi joko jartzea da Udalaren asmoa. "Bizilagunekin adostutako lehenengo zatia egin dugu. Kampan enpresak egin ditu jokoak, eta 17.923 euro kostatu zaigu. Lurra egokitzeaz, berriz, Ramel Eraikuntzak enpresa arduratu da, eta 11.281 euro gastatu ditugu horretan… hala ere, azpimarratzekoa da ez dugula material sintetikorik erabili parkea egiteko", adierazi du Josu Ezkurdiak, Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak.

Egurrak, ziurtagiria

Haur parkea egurrezkoa da, eta Udalak Kampan enpresari egokitu dio parkea egitea ingurumenarekin konprometituta dagoen enpresa delako, besteak beste. Hain zuzen ere, FSC ziurtagiria dauka (Basogintzako Administrazio Batzordea); hala, basoak modu egokienean gestionatzen dituzte, ingurumena ahalik eta gutxien kaltetuz.

Horrez gainera, parkearen lurra, gomazkoa beharrean, hartxintxarrez beteta dago, material sintetiko gabekoa, naturalagoa.

Txakurrik ez

Txakurrek haur parke barrura sartzea debekatuta izango dute, eta, horretarako, hesia jarri diote parkeari. Hain zuzen ere, txakur kakak parke barruan ager ez daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak