21. Ferixie, berrikuntzekin

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 1a, 16:19

Txistulariak, dantzariak, baserriko produktu eta elikagaiak, artisautza postuak, taloak, tresneria, umeentzako tailerrak… denetik izango da, aurten ere, Arizmendi Ikastolak antolatutako Eskoriatzako ferian. Duela 21 urte antolatzen da, eta zapatuan izango da; aurtengoa berrikuntzaz beteta dator.

Azpimarragarriena da postuak jartzen dituztenentzat urtero jarri izan diren moduluak ez direla egongo. Honela azaldu du Esti Aguadok, Arizmendiko ordezkariak: "Bi gune nagusi izango dira: bata, Santa Marina plazan, batez ere, elikagaien postuak egongo diren zona izango dena, eta bestea, aldiz, Herriko Plazan, artisauek beraien postuak jarriko dituztena". Bi guneetan izango da karpa, eta, bertako postuez gain, Jose Arana kalean ere izango dira hainbat postu.

Txorimalo lehiaketa, berriz,  Santa Marina plazan egin zen iaz, baina, urte askoan egin den moduan, Jose Arana gunearen ondoan, erreka alboan egingo da, eta aurten hogeigarren urtez ospatuko da gaztetxoei zuzenduta dagoen lehiaketa.

Sei gazta saltzaile, lehian

Gazta dastatzea eta txapelketa ere izango da aurten, 11:00etan, Santa Marina plazan. Horretarako, ferian izango diren sei gazta-saltzaile lehiatuko dira gazta onena norena den jakiteko lehiaketan. Hamargarren aldia izango da lehiaketa hau egingo dena. Honekin batera, ohiturari jarraituz, postuak jartzen dituzten nekazari eta artisauen artean sariak banatuko dira. Hau, gazta txapelketarekin batera, 14:00etan izango da, txartelen zozketarekin bat.

Euskal dantza tradizionalak

Ferian, ohikoak diren euskal dantza tradizionalak ere ez dira faltako zapatuan. Hala ere, plazan egin beharrean, Gorosarrin egingo dituzte, 12:00etan. 6 eta 16 urte arteko 30 dantzari inguruk erakustaldia egingo dute eta herritarrek Eskoriatzako dantza taldearen euskal dantza tradizionalez gozatzeko aukera izango dute.

Bertsoak, balkoitik

Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak ere batuko dira festara. 13:00etan, Arizmendiko Jose Arana guneko balkoira igoko dira, eta bertatik hainbat bertso botako dituzte. Gainera, Oihana eta Haizea Arana bertsolari eskoriatzarrak batuko zaizkie beraiei. "Jose Arana gunean obrak egin genituen, eta eraikinari merezi duen protagonismoa eman nahi diogu; hala, bertsolariek balkoitik botako dituzte bertsoak, eta aranatarrak batuko zaizkie. Bestalde, ikastolako patioan puzgarriak ere izango dira txikitxoentzat…", adierazi du Aguadok.

'Zuk ekarri zuk jan' bazkaria

Berrikuntza nagusia herri bazkariarena da. Urtero frontoian egin izan ohi da, baina edizio honetan Zuk ekarri zuk jan formatua erabilita izango da.  Izenak dioen moduan, nork bere jana eraman beharko du. Bazkarirako plazan jarriko dituzte mahaiak eta aulkiak.

Azoka eguneko herri bazkaria Joseba Iñurrategi pilotalekuan izan ohi da normalean, baina aurten, beste formatu batean eta beste leku batean egitea pentsatu dute antolatzaileek, berrikuntza gisa. Hala, bazkarirako txartela erosi eta bazkaltzera joan beharrean, nork bere janaria eraman eta jateko aukera izango du Herriko Plazan jarriko den karpan.

15:00etan izango da bazkaria, eta bertara joan nahi duenak mahaiak eta aulkiak izango ditu erabilgarri. Hala ere, mahai erreserba egitea gomendatu du feriako antolakuntza taldeak, eta, horretarako, 618 00 90 74 telefono zenbakira deitu beharko da, zenbat pertsonarendako erreserba egin nahi den adieraziz.

Txapel jaurtiketa

Egunari amaiera emateko, berriz, azken urteotan ferian errotu den txapelketa izango da, plazan: txapel jaurtiketa hain zuzen ere. Aurtengoa seigarren aldia izango da, eta egunean bertan eman beharko da izena, txapelketa hasi aurretik. Eguraldiari dagokionez,  iragarpena ez da oso ona, eta, euria egiten badu, hainbat ekintza frontoian egingo dira.

Egitaraua:

• 09:30 Txistulariekin kalejira.
• 10:00 Feriaren hasiera. (baserriko produktu eta elikagaiak, artisautza, tresneria…)
• 10:15 XX. txorimalo lehiaketa.
• 11:00 X. gazta dastatzea eta txapelketa Santa Marina plazan.
• 11:30 Kalejira trikitilariekin.
• 12:00 Eskoriatzako dantza taldea Gorosarri plazan.
• 13:00 Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak Jose Aranan.
• 14:00 Sari banaketa eta txartelen zozketa.
• 15:00 Zuk ekarri zuk jan bazkaria Herriko Plazan.
• 18:00 VI. txapel jaurtiketa txapelketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak