"Denok bat gara Elkartean eta gaurkoa da guretzako egunik garrantzitsuena", adierazi du Eskoriatza Kirol Elkarteko presidente Jabi Corbalek Elkartearen Egunaren inguruan. Eta arratsalde partean Fernando Eskoriatza plazara gerturatu besterik ez zegoen horretaz jabetzeko, han elkartu dira-eta arduradun , entrenatzaile eta jokalari; beterano eta guraso.
Elkartea kiroldegitik atera eta herrira gerturatzeko asmoarekin, goizetik egon dira askotariko ekintzak. Besteak beste, beteranoen saskibaloi partidua jokatu dute, eta motorren kontzentrazioa ere egon da. Paella bazkaltzeko 200 bat herritar batu dira, eta ondoren, beroari aurre eginaz, ginkanaren ordua etorri da: sokatira eta aulki-jokoa. Saskiratze lehiaketa eta Eskoriatza Kirol Elkartearen historia jasotzen duen erakusketa izan dira arratsaldeko beste ekitaldietako batzuk.