Lehen Hezkuntzako lehenengo ziklo eta DBHko bigarren maila arteko ikasleek hainbat eskaera egin zituzten: herriko udal langileen mugikortasunaren inguruan, ortu publiko gehiago jarri behar direla, eta bertan ekoizten direnak herriko azokan saltzea, garraio publikoa erabiltzeko kanpainak egin ditzatela eta, era berean, bizikleta eta patineteak erabiltzeko bide aproposak eta aparkalekuak egitea, eta jatorri berriztagarria duen energia hornitzailea kontratatu dezatela, besteak beste. Eskaera eta proposamen horien aurrean, gaztetxoek aipatu zituzten hainbat puntu azpimarratu zituen Joserra Zubizarreta alkateak; adierazi zuen eskaerak aztertuko dituztela eta irailean elkar ikusiko dutela: "Proposamen batzuk interesgarriak dira, beste batzuk bat datoz gu aztertzen eta urratsak egiten ari garenarekin, eta orain, batzorde ezberdinetan aztertuko da gaia…".
Osoko bilkuran
Maiatzeko ohiko osoko bilkurari hasiera emateko, alkateak Manchesterren gertatutako sarraskia aipatu zuen; adierazi zuen Eudelek eta Eskoriatzako Udalak irmotasunez gaitzesten zutela eta elkartasuna adierazi nahi izan zien biktimen senideei.
Berraztertze errekurtsoari ezetz
Bernabe Errasti jaunaren jabetzaren aurretik Mazmelarako bideraino doan bide zatia ofizioz ikertzeko espedientea erabakitzen duen 2017ko otsailaren 21eko udalbatzarraren erabakiaren aurka Javier Errastik jarritako berraztertze errekurtsoari buruzko erabakia ere hartu zen. "Tejeria bideko zati bat, Bernabe Errastinetik Iparragirreraino doana, bide publikoa izatea eta oinezkoa jartzea erabaki zen. Javierrek alegazioak jarri zituen; batzordean aztertu, eta ezeztatu egin dira. Berak bere desadostasuna adierazi du…", azaldu zuen Zubizarreta alkateak.
Osoko bilkuran onartutako beste gai bat ezohiko kirol jardueretarako diru laguntzak arautzen dituzten oinarriak hasiera batean onartzea izan zen. Orain, 30 eguneko epea egongo da alegazioak jartzeko, eta, horren ondoren, beste 30 egun barru eskaerak egiteko aukera egongo da.