Jonathan Valor: "Amets onenean ere ez nuke imajinatuko halako agurrik"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mai. 12a, 14:50

Jonathan Valor.

Eskoriatza areto futbol lehen taldeko kapitainak azken partidua jokatu zuen zapatuan. Hamabost urte baino gehiagoren ostean, agur esan dio taldeari.

Merezitako agurra jaso zuen aurreko zapatuan Eskoriatzako areto futbol taldeko Jonathan Valorrek, ligako azken partiduan. Kapitaina agurtzeko, klubetik pasa diren jokalari beteranoak gonbidatu zituzten, etxekoak ere bertan izan ziren, eta lagun asko eta asko. Sekulako sorpresa hartu zuen, emozio guztiak askatu zituen.

Nola jaso zenuen agurra?

Nire bizitzako egunik politenetakoa izan zen. Hala ere, triste samar joan nintzen partidura, nire azkena zela jakinik. Beroketa lanak egin, aldageletara sartu, eta irten aurretik Antonio Tena entrenatzailea nirekin bakarrik geratu zen, partiduaz disfrutatzeko esanez… kantxara irten, eta sekulako sorpresa jaso nuen. Ibilbide osoan izan ditudan jokalari asko, familia, lagunak, emaztea, taldekideak… izugarria izan zen. Pasiloa egin ostean, lore sorta, talde osoak sinatutako baloi bat eta plaka bat jaso nituen. Izugarria izan zen.

Emozio handien, zerk?

Publikoren txaloek, Eskoriatzako ereserkia jarri izanak… dena izan zen ederra. Oso maitatua sentitu naiz, kiroldegian zeudenak nigatik egotea… oso polita da hori sentitzea. Malkoak ere horregatik izan ziren, jende hori guztiori nigatik zegoelako.

Zergatik utzi duzu?

1999an bigarren taldearekin hasi nintzen eta 2001 ezkero talde nagusiarekin ibili naiz. Orain, aita izan behar naiz eta etapa berri bati ekin behar diot. Momentu on batean utzi nahi nuen, eta, pena eman arren, elkarteari lotuta jarraitzea da nire asmoa.

Hasi zinenetik, zer aldatu da Eskoriatzako kirol elkartean?

Ez dakit askorik aldatu den, baina gauza bat azpimarratu nahiko nuke: gazteei, Manuel Muñozek transmititzen zizkigun balio berak transmititzen saiatu naiz, eta horiek geratzea nahiko nuke.

Agurreko anekdotaren bat?

Alfredo Futrek areto futbola utzi zuenean besokoa pasa zidan, eta agurrean, partidua hasi aurretik, besoko bat ekarri eta nirearen gainean jarri zidan, hala, biekin jokatzeko.

Azken mezurik?

Agurrean egon ziren guztiei eskerrak ematea, eta jokatzean aguantatu behar izan nautenei ere esker beroa, mila esker denoi!

Erlazionatuak

Jonathan Valorri agurra, iruditan

Imanol Beloki Unamuno 2017 mai 08 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak