Itxi egingo dute Santa Ana auzoko aparkalekua

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mai. 12a, 12:41

Santa Ana auzoko aparkalekua. Imanol beloki

Santa Anako aparkalekua jabego pribatukoa da, eta ez dute akordiorik egin Udalarekin, alokairuari dagokionez. Irtenbide bat bilatze aldera, aparkalekuak egiten ari dira herriko hainbat auzunetan. Hala ere, gune berri bat egitea ere planteatu dute.

Apirilaren 27an egindako ezohiko osoko bilkuran hainbat gai tratatu zituzten, eta horietako bat kredituak aldatzeko 4. espedientea, kreditu gehikuntza onartzea izan zen. Horren harira, Rafa Bernal Irabazi alderdiko batzordeburuak Santa Ana aparkalekuarekin zer gertatuko den galdetu zuen.

Negoziazioetan ari zirela adierazi zuen Joserra Zubizarreta alkateak, eta gaineratu zuen  aparkalekua dagoen lur eremuko jabea den enpresa pribatuarekin akordio batera ez badira heltzen, aparkalekua itxi egin beharko dela. Hala, Josu Ezkurdia Hirigintza eta Mugikortasuneko batzordeburuaren esanetan: "Ez gara akordio batera iritsi. Orain arte, 6.000 euro inguruko alokairua ordaintzen genuen urtean, aparkalekuagatik. Iaz, diru kopurua handitzea planteatu ziguten, eta guk aurrekontuetan bikoiztea, ia hirukoiztea adostu genuen –16.949,87 euro–. Hala ere, ez zeudela konforme adierazi ziguten, eta aparkalekua ixteko eskatu digute. Izan ere, negoziaketan merkatuko prezioa 40.000 euro ingurukoa dela adierazi ziguten eurek, baina diru gehiegi dela iruditu zitzaigun eta ez dugu akordiorik lortu".

Irtenbidea, bi fasetan

Santa Anako aparkalekuak 79 aparkaleku ditu, eta, horiek kenduko dituztenez, bi fase planteatu ditu Udalak irtenbidea bilatzeko.

Lehenengo faseari dagokionez, herriko txoko ezberdinetan aparkalekuak egiten dihardute azken egunotan, herri osoan zehar, auzo ezberdinetan banatuta. "40-50 aparkaleku berri egin nahi ditugu herrian zehar sakabanatuta, eta hasi gara dagoeneko: Arbiñosten, Aranburuzabalako bidegurutzean, Olazarren, Intxaurtxuetan eta Dorletan ari gara egiten".

Gune berria egiteko aukerak

Bigarren faseari dagokionez, 30-40 plaza dituen gune bat ezarri nahi da, eta, horretarako, bi proposamen aztertzen ari da Udala; Jose Arana zaharren egoitzako ortuaren ondoan, batetik, eta unibertsitateko Dorleta eraikinaren belardiari zati bat kenduta, bestetik. "Bi proposamen posible horiek aztertzen ari gara eta lurjabeekin egon beharko dugu ea egitea posible den jakiteko", adierazi du Ezkurdiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak