Urtero legez, gaurko kontzertuarekin emango diote hasiera Atxorrotx egunari, motorrak berotze aldera. Hala, Eñaut Zubizarreta musikaria Trigger proiektu berriarekin izango da Inkernu tabernan, 23:00etan. Txeloa, pedalak eta elektrifikazioa erabiliz, punk kantuak eskainiko ditu.
Zapatuan, berriz, 11:00etan umeendako puzgarriak izango dira plazan, txistulariekin kalejira, 12:00etan taloak eta sagardoa, paella jana 14:30ean Hotela tabernan, 18:30ean buruhandiak eta ondoren, 20:00etan, Errekan Gora ekimenaren hamargarren urteurrenaren harira, Motxila 21 taldearen emanaldia Herriko Plazan.
Motxila 21
Down sindromea duten hamabi gaztek osatzen dute taldea, eta laguntzaile dabiltzan beste bederatzi musikari ere oholtzan izango dira. "Jende dezente etorriko delakoan gaude, talde handia baita. Hala ere, eguraldi txarra egiten badu, badugu beste plan bat. Olaetako plazan joko dute; orain arte bertan ez dugu emanaldirik egin, eta leku aproposa dela uste dugu", dio Juan Luis Zubizarretak, elkarteko lehendakariak.
Egunari amaiera emateko, berriz, DJ Parrucho izango da Inkernu tabernan, 22:30ean.
Elkartea momentu onean
105 bazkide ditu gaur egun Atxorrotx Kultura Elkarteak. "Beti izan dugu asmoa bazkide kopurua handitzeko, eta, ekonomikoki momentu onean gauden arren, potentziatzea da gure asmoa. Egiten dugun lana herrira zabaldu da, herritarren onarpenarekin, gainera, uste dut nik, eta lanean jarraitzea da gure asmoa", adierazi du Juan Luis Zubizarretak.