"Defentsa pertsonala egiten hasi nintzen, eta..."

Xabier Urtzelai 2017ko mai. 5a, 13:36
Ariane Piñero, Atama taldeko odezkariekin, aste barruan.

Santurtzikoa da Ariane Piñero (1993), baina Eskoriatzara ikastera etorri zenetik denbora gehiago egiten du bertan etxean baino. Rafa Carriet borroka arteetako maisuak konbentzituta hasi zen kenpoan, unibertsitatean defentsa pertsonala probatu eta gero. Bost urte geroago Munduko Txapelduna da bizkaitarra: "Denbora gutxi daramat borrokan, baina gogor entrenatu naiz".

Berba potoloak dira, Munduko Txapelduna zara.

[Barre] Bai, baina txapelketan bertan ez nintzen jabetu zer lortu nuen. Oso pozik itzuli ginen Portugaletik, baina domeka gauean itzuli ginen Eskoriatzara, goizaldean, eta hurrengo egunean egin ziguten omenaldian konturatu ginen benetan zer lortu genuen. Jendea gure zain ikustea plazan, zorion mezu guztiak... Hor jabetu ginen egindakoaz.

Ze asmorekin joan zinen Portugalera? 

Ez zen esperientzia berria niretako, dagoeneko bigarren aldia zen halako mailako txapelketan parte hartzen nuena, eta nire lehentasun handiena gozatzea zen. Portugalen aurretik egon barik nengoen... Beldurrak uxatu eta esperientziaz gozatu gura nuen.

Espainiako selekzioa ordezkatzen hartu duzue Josebak eta biok esku, ala kluba ordezkatzen? 

Ez, txapelketa horretarako Espainiako hautatzaileak 25 lagun aukeratu zituen, eta Joseba eta biok ginen Euskadiko ordezkari bakarrak. 

Momenturen batean pasa zitzaizun burutik domina ekartzeko kapaz izango zinenik? 

Momentu batean ere ez. Halako txapelketa baten aurretik beti izaten dut sentsazio bera, ez dudala nahikoa entrenatu. Oraindik hilabete behar dudala prest egoteko, edo bi hilabete, edo hiru... [Barre]. Lehen aipatu moduan, buruan nuena zen txapelketarekin gozatzea, KO-rik ez jasotzea eta etxera minik hartu barik etortzea. 

Ezustean harrapatu zintuen finalak. 

Bai, epaileak finala jokatu behar genuela esan zuen arte ez nintzen konziente izan non nengoen. Ordura arte borrokaldiak gainditzen joan nintzen –finalera iristeko Arianek borrokalari portugaldar bat, argentinar bat, holandar bat eta finalean errumaniar bat gainditu zituen– eta egia da kanpotik babes osoa neukala, selekzioko ordezkariekin batera Josebaren eta nire entrenatzaile Rafaren oihuak ere entzuten nituelako. 

Zelan ezagutu zenuen kenpoa? 

Eskoriatzara ikasle moduan etorri nintzen, eta unibertsitatean Rafak defentsa pertsonaleko ikastaro bat antolatu zuen. Bertan parte hartu eta oso gustura ibili nintzen. Hiru hilabeteko kontua-edo izan zen, eta kenpoa probatzeko konbentzitu ninduen. Eta, gaur arte. Gaur egun ikasketak amaitu ditut, baina Gipuzkoan jarraitzen dut federatuta, nahiz eta askotan Galdakaon ere entrenatzen naizen.

Eskoriatzartu egin zarela, beste modu batean esanda. 

Zalantza barik. Pentsa, Rafaren etxean esan nezake logela propioa dudala [Barre]. Rafarekin batera bere emaztea eta alaba, Maite eta Garbiñe nire familia izatera pasa dira.

Halako lorpenetarako garrantzitsua izango da atzean talde bat izatea.

Beharrezkoa da, kirol honetan bakarrik ez dagoelako ezer egiterik. Txapelketa prestatzeko ordu gehiagotan entrenatu behar nuenean taldekideen laguntza izaten nuen; giro ederra dugu bertan, familia moduko bat gara. Hori barik ezinezkoa da.

Erlazionatuak

Ariane Piñero kenpoko munduko txapeldun

Imanol Beloki Unamuno 2017 api 28 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak