Teo Lazaro Motxila 21 taldeko managerra da eta Eskoriatzara etortzeko irrikaz daudela adierazi du:
Nola sortu zen Motxila 21 taldea?
Duela hamabi urte sortu zen, emanaldi bat egiteko asmoz; bertan jotzeko abesti bakarra prestatu zen. Ordutik aurrera, rock taldea osatzea pentsatu zen, eta gaur arte.
Taldea nortzuk osatzen dute?
Down sindromea duten hamabi gaztek osatzen dute taldea, eta laguntzaile gisa dabiltzan beste bederatzi boluntario ere bai; tartean dira Barricadako Enrique Villarreal El Drogas, Marea taldeko Kutxi eta Piñas… Azken hirurak ahal duten guztietan etortzen dira kolaboratzaile gisa; Eskoriatzara etorriko diren ez dago jakiterik. Hala ere, gonbidapena egin diegu.
Zein da taldearen helburua?
Nire kasuan, manager moduan, ahalik eta emanaldi gehien lotu behar ditut ordainsaria handiagoa izateko. Motxila 21en kasua guztiz kontrakoa da. Gure helburua gazteen bizitza kalitatea ahalik eta hoberena izatea da. Estres barik ibiltzeko eskatzen diegu, disfrutatzeko, azken finean, afizio moduan izateko. Horregatik, emanaldi kopuru bat ezartzen dugu; hilean bi kontzertutik gora ez ematen saiatzen gara. Hala ere, bira egiteko proiektu bat daukagu.
Nora joango zarete?
Talde autofinantzatua gara. Ez daukagu diru laguntzarik, musikari boluntarioek ez dute soldatarik… Beraz, gazteei ordaintzeko modu bezala taldean inbertitzea eta bidaiatzearen alde egiten dugu, opari gisa. Abuztuaren 5etik 12ra bitartean, Erromara joango gara. Bertan, aste batean bi edo hiru emanaldi egingo ditugu, asko jota.
Hala ere, hainbat gastu izango dituzue?
Guk cache bat dugu, diru bat kobratzen dugu emanaldietarako alokairuetako, entsegu lokaleko gastuetarako… Gazteek ez diote diruaren pertzepzio horri perspektiba berarekin begiratzen. Horregatik, emanaldien ostean, merendola bat izatea eurentzat oso garrantzitsua izaten da, eta, aurrez esan bezala, bidaiak egitea, kontzertuak eskainiz, entseguak balira bezala.
Errepertorio zabala eskainiko duzue?
Bai; abesti batzuk bereziki taldearentzat idatziak eta egindakoak izan direnak; batez ere, El Drogas-ek eta Kutxi-k eginak. Fitoren abestiren bat… Leire taldeko neska bat abesti askotan abeslaria da, baina perkusioa ere jotzen du… abesteaz gain, instrumentuak ere jotzen dituzte. Fermin Muguruzaren Big Beñat abestia jotzen dugunean, batek dantza egiten du…
Zer helarazi nahi du taldeak?
No somos distintos abestia aldarrikapen bat da, ez garelako ezberdinak. Hala, esfortzu eta gogoa jarriz edozein helburu lortu daitekeela helarazi nahi dugu.