Atxorrotxeko Eguna ospatuko da domekan

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mai. 4a, 16:07

Urtero moduan, Eskoriatzako Atxorrotxeko Eguna ospatuko dute eskoriatzarrek maiatzeko lehenengo domekan; hau da, etzi. Hala, ohiturari jarraituz, 738 metro dituen tontorrera igoko dira herritarrak domeka honetan. Bertan goiza pasa eta arratsaldean herrian jarraituko dute ospakizunarekin.

Eskoriatzako Udalak eta Atxorrotx GKEk antolatutako jaia berrikuntza barik ospatuko da. 09:00etan, herria esnatzeko, txistulariek diana joko dute herriko kaleetan zehar, eta 10:30ean batuko dira herritarrak plazan, goranzko bidea hasteko, nahiz eta bakoitza nahi duen orduan igoko den. 11:00etan, berriz, meza izango da Atxorrotxeko Gurutze Santuaren ermitan, eta goiz osoan kanpai hotsak entzungo dira. Izan ere, ohiturak dioen moduan, bertako kanpaiak joz, ekaitzak uxatzen dira. Mezaz gainera, eguerdira arte taberna egongo da Atxorrotxen, eta mokadutxo bat jan eta zerbait edateko aukera izango da bertan.

Atxorrotxera igotzeko, berriz, hainbat bide erabiliko dituzte bertaratzen direnek: herrigunetik –zementuzko bidetik– igota, Bolibar auzotik, Leintz Gatzagako Dorleta Santutegitik gora… eta goiza bertan pasa ostean, arratsaldean, 18:00etan, herritarrek egindako tortillak salduko dituzte Herriko Plazan, Imanol eta Unai trikitilari eta pandero-joleek girotutako erromeriarekin. Atxorrotxen jarriko den tabernan eta plazako tortillen salmentan ateratako dirua, berriz, Atxorrotx GKEk bere proiektuetarako erabiliko du.
Egitaraua betikoa izan arren, modu askotan ospatuko dute herritarrek eguna. Mendi buelta eginaz, Atxorrotxen zerbait hartu eta beheranzko bidea hartuz, gaztetxoen kasuan, kobazulotik sartu-irtenak eginaz… Hala ere, eguraldiak laguntzen badu, herritar ugari batuko da Atxorrotxeko gailurrean.

Hezkuntza Forotik hitzordua

Eskoriatzako Hezkuntza Foroak eta Aretxabaletako Guraso Foroak hitzordua jarri dute Atxorrotxeko Egunera elkarrekin joateko. Plazan 10:30ean jarri dute ordua, bertatik goranzko bideari ekiteko. Aretxabaletako eta Eskoriatzako haur, guraso eta herritarrak gonbidatu nahi dituzte Atxorrotxera igo daitezen.

Dokumentalaren proiekzioa

Domekan, 12:00etatik 14:00etara Atxorrotxeko Gaztelua. Denboraren Talaiatik dokumentala ikusteko aukera  izango da Ibarraundin, eta DVDa ere salgai izango da. Gauean, berriz, 22:00etan dokumentala ikusteko aukera izango da Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak