8:00etan Zaldibar antzokian hainbat ekintza egingo dira, eta horiei hasiera emateko Beheko Errota musika eskolako haurrak oholtzara igoko dira ipuin musikatua eskaintzeko. Ondoren, azken urteotan egin den Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu lehiaketako sari banaketa izango da. Luis Ezeiza eta Almen ikastetxeetako seigarren mailako ikasleei zuzendutako lehiaketan, partaideek euren aitona-amonei buruzko bizipenak edota biografiak idatzi dituzte, eta saridunak oholtzara igoko dira beraiek idatzitako istorioak kontatzera.
Bide batez, posible bada, saridunen aitona-amonei ere gonbidapena luzatuko diete bertaratu daitezen, eta lore sortatxoa jasoko dute haiek. Irabazleek, berriz, erosketa-txartel bat jasoko dute.
Gero, ekitaldia borobiltzeko, Dorleta Kortazarrek ipuin kontaketa eskainiko du. Liburuetan eta literaturan oinarrituta, ipuin tradizional bat kontatuko du 15-20 minutuko saioan.
Antzokiko atarian bigarren eskuko liburu azoka ere izango da. Haurren liburuak 50 zentimotan erosi ahalko dira eta helduentzat zuzendutakok direnak, berriz, euro baten. Batutako dirua Udalari entregatuko zaio, behar handien dutenei laguntzeko asmoz, eskolako materiala, liburuak… erosteko.
'Irakurri, gozatu eta oparitu'
Bestalde, Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa martxan dago oraindik Eskoriatzan. Martxoaren 20an hasi zen, eta maiatzaren 31ra arte iraungo du. Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo horrek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuta, eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatzeko.
Horretarako, bibliotekatik euskarazko liburu bat hartu, etxera eraman eta irakurri ostean, itzultzean, irakurle-fitxa betez gero erosketa-txekea jasotzen da. Hala, txekea erabiliz liburu bat erostera joatean, %35 merkeago erosteko.