20. Korrika pasa den eguenean hasi zen, Otxandion, eta zapatuan 14:00 aldera zeharkatuko ditu Eskoriatzako kaleak. Herriko eragile eta talde desberdinetako ordezkariek egitarau ederra prestatu dute egunerako, eta prestatutako ekimen guztietan herritarren parte-hartzea eskatu dute.
Zapatuari hasiera emateko, 11:30ean, Postaka giza katea egingo da. Intxaurtxuetatik Aranburuzabalaraino euskara eskutik eskura lelopean, herritarrekin herri osoa zeharkatzen duen katea osatu nahi da. Eskoriatzako Korrika batzordeko Xabi Uriarte kidearen esanetan: "Ez da erraza izango herriko punta batetik bestera heltzea; horregatik, herritar guztiak animatu nahi ditugu. Plazan elkartuko gara lehenengo eta bertatik banatuko gara. Asmoa da Korrika aurretik herria girotzea, eta, bide, batez denok euskararen alde elkartzea…".
12:15ean, berriz, Korrikaren aldeko mezua irakurriko da, eta ondoren, euskal dantzak izango dira plazan. Gainera, goiz osoan zehar taloak jateko aukera ere izango da herriko talogileen eskutik.
Korrika eguerdian helduko da
14:00 bueltan Korrikak Eskoriatzako kaleak zeharkatuko ditu, Intxaurtxuetatik sartuta, Leintz Gatzagarako bidea hartuz. 15:00etan, Zuk ekarri, Zuk jan bazkaria izango da plazan, eta, erreserba egitea derrigorrezkoa ez bada ere, antolaketa lanak erraztearren, nahi duenak mahaian lekua erreserbatu ahal izango du. Bazkalostean, Beñat Intxauspe zarauztarrarekin euskal abestien kantaldia izango da. 18:00etan, buruhandiak irtengo dira kalera, eta 19:00etan, TTek elektrotxarangarekin itxiko da zapatuko egitaraua.
Honako hauek eramango dute lekukoa
Ederlaneko biribilgunea (13:56)
• Ederlan
Herriko sarrera (14:02)
• EH Bildu, Atxorrotx Kultur Elkartea eta Arizmendi
Huhezi parean (14:09)
• EAJ
Aingeru Guardako biribilgunean (14:15)
• Udala
Kuatruena (14:22)
• Luis Ezeiza
Trenbide zaharreko zubi azpian (14:28)
• Huhezi
Korrika Txikia 10:30ean hasita
Korrika datorrela motorrak berotzen hasteko, Korrika egunaren bezperan, herriko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako haurrek eliza paretik plazarainoko bidea egingo dute. Ondoren, Lehen Hezkuntzakoek honako ibilbide hau egingo dute: Jose Arana zaharren egoitza, Antsoategiko biribilgunea, Sorautz, Sanjuan kalea, Dorleta auzoa, Aranburuzabala eta Herriko Plaza.