goiena.eus

Espazio irekien aldeko apustua Jose Arana gunean

  Hezkuntza  Eskoriatza GAURKOAK

Urtearekin batera estreinatu dute eraikin berritua Jose Aranako haur eta profesionalek. Arizmendi Ikastolako Eskoriatzako Jose Arana guneko eraberritze lanak uztailaren 4an hasi zituzten, eta urtarrilera arte, lanek iraun bitartean, Huhezi Unibertsitateko Dorleta eraikinaren ondoko zelaian jarritako modulu aurrefabrikatuetan izan dira haurrak. Gustura izan dira bertan, eta, Huhezikoen partetik harrera beroa jaso duten arren, bueltatu dira Jose Arana egoitzara, eta oso pozik daude bertan egin dituzten aldaketa guztiekin.

Jose Arana gunean hamasei aste dituztenetatik sei urte bitarteko Haur Hezkuntzako 115 haur daude gaur egun, eta guztiek erabiltzen dituzten guneetan aldaketak izan dira. Lanak egiteko arrazoia, funtsean, eraikinaren arkitektura pedagogiaren zerbitzura jartzea izan da; espazio zabalagoa jarrita, umeen beharrak hobeto errespetatuko diren asmoarekin. Honela azaldu du Amaia Arrietak, Jose Arana guneko arduradunak: "Guztiz eraberritu dugu Jose Arana eraikina. Gure proiektu pedagogikoarekin bat egiten duen eredu arkitektonikoa ezarri gura nahi izan dugu, eta  helburua lortu dugula uste dut. Eraikinak berak ezaugarri berezi batzuk ditu, beste eraikin batek ez dituena, eta eraikinaren sustraiak guk nahi genuenera uztartzen ahalegindu gara…". [Hemen argazkiak].

Umeen beharren alde

Guneak beirateekin banandu dituzte, hala adin askotariko haurren arteko interkomunikazioa bermatzeko eta umeek libreki aukeratu dezaten non eta norekin egon nahi duten.

Deskantsu eta aktibitate momentuak errespetatzeko, imaginarium eta lasaitasunerako txokoak jarri dituzte, beste hainbat jokoz eta jolasez gainera. "Umeen aurpegietan ikusten da aldaketa onerako izan dela. Umeak lasaiago daude espazio zabalean jolasean, eta nabari da gusturago daudela egin ditugun gune berriekin. Espazio zabalagoa izanda, jolaserako askatasun handiagoa dute, eta, lanek asko iraun duten arren, merezi izan du itxarotea", azaldu du Amaia Arrietak.

Zailtasunez betetako lanak

Jose Arana eraikina ondare kulturala da, eta XIX. mende hasierako margoak ditu. Hori horrela, kontuz ibili dira lanak aurrera eraman dituzten langileak. "Lanak hasi aurretik, bi urteko negoziaketak izan ditugu, batez ere, Aldundiarekin, etxean dauden pinturengatik; izan ere, munduan halako bost bakarrik daude, eta, izugarrizko balioa dutenez, hori guztia ondo zaintzea helburu nagusietako bat zen, eta eraikinak bere balioa ez galtzea. Uste dut eraikinak izugarri irabazi duela aldaketarekin…".

Herritarrei zabalik

Urtarrilean herritarrendako eta gurasoendako bisitak egin dituzte: "Eskoriatzar asko aspaldi sartu barik zeuden eraikinera, eta harrera bikaina izan dugu, jendeari asko gustatu zaio aldaketa".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa