Glaukoma taldea Eskoriatzako Errekan Gora jaialdian izan da

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko uzt. 19a, 14:31

Ekaitzaren eraginez arazo teknikoak izan zituzten atzoko, zapatuko, Errekan Gora jaialdiko Glaukoma taldearen emanaldia hasteko; kableak busti egin zirela-eta, zirkuitulaburra izan zuten. Lau foku txikiren argipean, eta ordu erdiko atzerapenarekin, rap-reggae doinuekin dantzan eta kantuan jarri zuen Tolosako boskoteak, lepo betetako Gernika plaza.

Ordu eta laurden inguruko emanaldia egin zuten dituzten bi diskoetako kantuak tartekatuta. Jotzen hasi orduko publikoarekin feed-back itzela izan zuten; lehenengo ilaran zeudenek bereziki, kantu guztiak ondo ikasita zituztela erakutsi zizkieten-eta. Haizea kantu ikurrarekin goia jo zuten; Juantxo Arakama abeslariak taularen gainetik salto egin eta publikoaren artean abestu zuen emanaldian jasotako harrera beroa eskertuz horrela.

Publikoaren artean, sekulako nahasketa zegoen: askotariko adinetakoak eta herrikoez gainera, Debagoieneko herrietatik etorritako zale asko, akaso jakin bazekitelako atzokoa, denboraldi baterako Glaukomaren azkeneko kontzertua izango zela, hirugarren lana grabatzeko atsedenaldia hartuko dute-eta.

Datorren astean, Kalakan egubakoitzean, eta Xabi Solano eta DJ DZ, zapatuan

Atxorrotx kultur elkartekoak gustura dira Errekan Gora jaialdiak orain arte eman duenaz: "Askotariko estiloak batu ditugu eta aurtengo eskaintzarekin asmatu dugu antza; horren erakusle, ekitaldi guztietan izan den giro ona. Datorren asteburuan borobilduko dugu aurtengoa, Santa Marina plazara gonbidatu dugu Iparraldeko Kalakan taldea egubakoitzean, eta Hotelean izango da Xabi Solano DJ DZrekin, hurrengo egunean. Behin baino gehiagotan Eskoriatzan izan den Fermin Balentzia zen hasiera baten, aurtengo edizioa itxiko zuena, baina osasun kontuak direla-eta ezingo da etorri eta luxuzko ordezko bat topatu dugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak