Zazpi hilabeteotako balorazioa egiteko elkartu dira Udal gobernu, Ezker Anitza-IU eta Zero Zaborreko ordezkariak. Azken datuak 2013ko datuekin alderatu dituzte; hala, errefusaren bilketa tasa jaitsi egin da %66tik %19ra; eta organikorena igo %4tik %33ra. Gainerako gehienak ere igo egin dira: papera %10etik %19ra; eta ontzi arinak, %4tik %10era. Eta beira jaitsi, %7tik %5era.
Edukiontzi komunitariotik atez atekora
Atez atekoa abian jarri aurretik, 2013ko azaroan, edukiontzi komunitario bidez hasi ziren hondakinak jasotzen proba pilotu moduan herriko hainbat auzotan, horien artean Intxaurtxuetan eta San Pedron, eta orduan bilketa selektiboaren tasa %32 eta erditik %40ra igo zen. Hala ere, ez zela nahikoa iritzi zioten orduan.
Azken datuok jakinik oso pozik azaldu da Igor Ezpeleta Ingurumen zinegotzia, batez ere errefusaren tasaren jaitsierarekin eta organikoaren igoerarekin.
Hartuko diren neurriak
Eskoriatzar gehienak oso ondo moldatu direla hondakin bilketa sistema berrira jakinarazi du. Hala ere, oraindik badaudela gutxi batzuk gainerakoek egindako ahalegina zapuzten dutenak jakinarazi du Ezpeletak: "Hondakinak nahastuta uzten dituzte, batzuek beste zintzilikario batzuetan eta besteek lurrean botata".
Horren aurrean hainbat neurri hartuko ditu Udalak, batez ere kontzientzia hartzeko herritarrek eta egindako kalteaz jabetzeko. Hala jakinarazi du Ezpeletak: "Batetik, gaizki utzitako poltsak jasotzeko maiztasuna jaitsi egingo da, eta bestetik, mankomunitatea ordenantza aplikatzen hasiko da eta espedienteak zabaltzen".
Hala ere, herritarrak informatzen jarraitu gura dute Udal ordezkariek, eta Ibarraundi museoan dagoen informazio bulegoa zabalik egongo da orain arte legez, martitzenetan goiz eta arratsalde, eta eguenetan, goizez.
Gainera, herritarren ekarpenak jasotzeko helburuarekin bilera egingo dute datorren martitzenean, azaroaren 18an, 18:30ean, Ibarraundi museoan. Datuok aurkeztuko dizkiete herritarrei orduan, eta horiek esateko dutena entzun Udal ordezkariek.