Erosketa ekologikoak Eskoriatzan

Jon Berezibar 2013ko ots. 22a, 16:05

Eguneroko erosketetan erabiltzen den paper edo plastikoa gutxitze aldera, arrain edo okela bila joateko ontziak erabiltzea sustatzen dabil Eskoriatzako Udala. Esperientzia pilotua da, auzo-konpostarekin batera, eta erantzun ona ari dira izaten biak.

Eguneroko ohiturak aldatzeak ahalegina eskatzen du eta Eskoriatzan horretan dabiltza. Eguneroko erosketetan, harategian eta arrandegian, xerra edo sardinak biltzeko erabiltzen den paper eta plastikoa gutxitze aldera, erosketetarako ontzia bera sustatzeko kanpainarekin dihardute, duela hilabetetik. Ontziratu zaitez ipini zioten izena kanpainari eta proba pilotuan bost denda –harategiak eta arrandegiak –sartu dira. Bezeroak konbentzituta daude, baina oraindik, ematen duenez, ideietatik akziorako urratsa falta da askoren kasuan. Poliki-poliki, ohitura zabaltzen dabil, halere.

Lehen hilabete "balekoa" 

Bultzadatxoa emateko, sustapenean dabil Udala: dendara ontzia daroatenen artean zozketa egin eta 50 euroko erosketa-txartela zozketatu du. 220 txartel banatu dira hilabetean. Hala, kanpaina, behintzat, ezaguna dela diote arrandegi eta harategietan. Pagaldaynean, esate baterako, Arantxa Igartua harakinak dio jendeak ezagutu bai, baina ohitura ez duela guztiz hartu. Hark azaltzen duenez, bezero asko lanetik etortzen dira erosketak egitera eta deserosoa suertatzen zaie ontziarekin gora eta behera ibiltzea. Jabi Altuna harakina ere uste berekoa da; hark azpimarratzen du jendeak zalantza asko dituela, "ea zenbat ontzi eraman, gai ezberdinak nahastu egin behar diren...". Asko jota, egunean bezero bat joaten zaio hari ontziarekin. 

Bezero bat, harategian, ontziekin prest.

Arrain bila, ostera, bai 

Baina bai harakin eta baita bezeroak ere ideia ona dela konbentzituta daude; trabak traba eta ohiturak ohitura, bezeroek diote esfortzuak merezi duela. Arrandegietan galdetuta, ostera, erantzuna beste bat da: Jende dezente dabilela honezkero ontziarekin erosketa egiten. Aranburuzabala kaleko Leibar arrandegian diotena da hori, eta jendea prest joaten dela etxetik, harrera ona izan duela lehen egunetik. Aurrera begira, ogia batzeko paperik gabe erosteko kanpaina eta handizka edo aleka ontziki berrerabilgarrietan erosteko kanpainak hasiko dituzte. Udalak, ildo honetan, 2012ko maiatzean hartutako konpromisoekin jarraituta, herriko kaleetako zakarrontziak aldatuko ditu, gaika banatuta, eta informazio bulegoa zabalduko du.

Udala ere baikor

Udalaren asmoak dira horiek, epe ertainera ezarritakoak, zero zabor helburuaren atzetik. Udaletik pozik agertzen dira emandako pauso “garrantzitsuek” izandako erantzunarekin. "Oso balorazio positiboa" egiten dute, Igor Lezeta Ingurumen zinegotziaren hitzetan. Auzo-konposta egiteko 32 familiak eman zuten izena Dorleta auzoan. Han, antza denez, "zoriontzeko modukoa" da auzotarrek izan duten inplikazioa, Saioa Altzua Ibarraundiko langileak azaltzen duenez, ze bai kopuru zein kalitate aldetik oso ondo dabiltza auzo horretan. Zaharren egoitzako beste gunean "polikitxoago" dabiltza, antza, hondakin kopuru handia pilatzen da-eta, eta Altzuak berak dio hor ikasten eta laguntzen dabiltzala. Orokorrean, baina, egitasmoak baleko erantzuna izan du, proba pilotuak baitira. Honekin lotuta, Udaletik bertatik aurreratu dute auzo zein autokonpost kanpaina berriak egingo dituztela, eta auzoetan gune berriak egokitu. "Prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena" dira iparrak, Lezetak berresten duenez.  

Dorletar finak

Itsaso Villar Dorleta auzoko erabiltzaileetako bat da eta hura ere pozik dago konpost-gune kolektiboarekin, bai hondakinak botatzeko sistemarekin eta baita konposta erabiltzeko aukerarekin ere. Orturako erabilko dute Villarren etxean, eta kontatzen du ohitura berrietara ohitzea ez zaiela kostatu. Bizilagunekin batera hilabetean ia kutxa osoa bete dute. "Astean behin edo birritan" joaten da Villar Dorletako gunera. "Hondakin organikoa bota eta nahastu egiten" dutela azaltzen du Villarrek, eta ikastarotxo batekin nahikoa dela, "benetan erraza" dela prozesu guztia. Egitasmoa herri osora zabaltzea erraza ikusten du.

Dorletako bizilagun bat, konposta mugitzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak