HUHEZIko ikasleak film laburrak grabatzen, gero film luze bat egiteko

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko mar. 30a, 15:55

Film laburrak grabatzen dabiltza HUHEZI fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko laugarren mailako ikasleak. Sei film labur grabatuko dituzte maitasuna gaia ardatz hartuta, eta horiekin film luze bat egingo dute gero. Aktore ezagunekin dabiltza lanean ikasleak eta esperientzia oso positiboa dela esan digute.

Aste hauetan ikus-entzunezko komunikazioko ikasleak film laburrak grabatzen dabiltza Debagoienean eta baita Euskal Herriko beste txoko batzuetan ere. Guztira sei film grabatuko dituzte eta asmoa da bukaeran film labur guztiak batu eta film luze bat egitea.

Aktore ezagunak

Eskoriatzako HUHEZI fakultateko laugarren mailako ikasleak dabiltza horretan hain zuzen, eta taldetxo bat, esaterako, gaur Eskoriatzako zaharren egoitzan izan da grabazioa egiten. Ikasleekin batera, aktore ezagunak izan dira eurekin: Jose Ramon Soroiz, Peter Ansorena eta Loli Astoreka.

Grabazioetan parte hartu dute baita ere, besteak beste, Asier Hormazak, Iker Galartzak edota Sara Cozarrek eta Goenkalen aktore lanetan ibilitako beste askok ere hartu dute parte proiektuan.

Ikasleak pozik

Ikasleak oso pozik daude proiektu honekin; oso gustura dabiltzala azaldu digute eta aktoreek euren gomendioak ere egiten dizkietela kontatu digute.

Film labur guztiak editatzen amaitutakoan, horiek guztiak elkartu eta film luze bat egingo dute ikasleek.

Astelehenean, 'Magazinea'-n

Proiektuari buruz zabalago egingo dugu berba asteleheneko Magazinea saioan iluntzeko 20:20an eta Goiena telebistan izango dugu Aitor Arregi ikus-entzunezko komunikazioko irakasle oñatiarra xehetasun guztiak ematen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak