Hondarribia-Irunek zortzigarren Euskal Kopa irabazi du

Xabier Urtzelai 2010ko aza. 18a, 11:22

Hondarribia-Irun taldearendako izan da atzo iluntzean Eskoriatzan jokatu zuten Euskal Kopa. Bidasoatarrek zortzigarren aldiz jaso dute garaikur hori, baina gutxitan eskertuko dute horrenbeste txapelketa hori irabazi izana, ligan bolada txarrean egonda, arnas apur bat hartuko dutelako.

Izan ere, txapelketa horretan Jose Luis Mujikaren taldeak irabazteko baino galtzeko zuen gehiago, beheragoko kategorian dagoen talde baten kontra galtzeak ez liokeelako taldeari batere mesederik egingo.

Alde handia
Unibertsitariek ez zuten inongo momentuan Hondarribia-Irungoen garaipena arriskuan jarri. Bidasoatarrek talde erabat profesionala dute, eta kantxan igarri egin zen hori. EHUko taldeak, hasierako bostekoa kantxan zuenean lortzen zuen lehia parekatua izatea, batez ere Arantxa Novo galiziarraren jokoarekin, baina aldaketak egiten zituztenean taldeak behera egiten zuen.
Atsedenaldian Bidasoakoek 22 puntuko aldea zuten (45-23). Hirugarren laurdenean estutu egin zuen EHUk (59-48), zortzi puntura ere gerturatu ziren, baina ez Hondarribia-Irun ezustean harrapatzeko beste (82-55).
Hondarribia-Irungo Amra Dapo (15 puntu) eta EHUko Arantxa Novok (19 puntu) egin zituzten puntu gehien.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak