Hunkituta jaso zuen Mario Padillak herritarren omenaldia

A.G. 2005ko aza. 21a, 10:18
Herriaren alde egindako lanarengatik, bere omenezko plaka bat ipini du Udalak Txistularien Arratia deritzon txokoan.

Eskoriatzarren esker ona eta berotasuna jaso zuen domekan Mario Padilla txistulari eta euskaltzaleak. Urteetan herriaren eta kulturaren alde egindako lana gogoratu eta merezitako omenaldia egin zioten. Asteburu osoan egin dituzte ekitaldiak, baina domekakoa izan zen egunik hunkigarriena. Txistu ikasle ohi izandakoekin kalejira egin zuen Mario Padillak eta ostean omenaldi beroa jaso zuen.

Txalo artean jaso zuten Mario herritarrek bere omenezko plaka ipini duten txokoan. Hunkituta, esker hitzak besterik ez zituen izan Mariok eskoriatzarrendako.

Herriaren alde lanean

Belaunaldi askoren irakasle eta lagun izan da Mario eta guztien omenaldia jaso du. Irakasle izatearen gainetik, pertsona moduan erakutsitako baloreak azpimarratzen zituzten gehienek, eta horregatik, kitatu beharreko zorra izan zen atzokoa. Ez da berehalakoan joango Mariok Eskoriatzan utzitako arrastoa. Horren oroigarri, domekatik aurrera udaletxe osteko txokotxoa izango da. Herriaren alde hainbeste egindakoak txistulari, dantzari eta bertsolariekin jaso zuen herritarren eskerra. Dantzariek ohorezko aurreskua egin zioten Mariori eta ostean plaka inauguratu zuten.

Amaitzeko, denek batera luntxa egin zuten kultura etxean. Hala, batutako guztiek aurrez aurre txistulari beteranoari eskerrak emateko aukera izan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak