Martitzenean lan-istripua izan zuen langile bat hil zen atzo

Usoa Agirre 2005ko uzt. 21a, 12:00
Eskoriatzako obra batzuetan lanean ari zela erori zen 44 urteko M.G.F. Erorketan izandako zauri larrien ondorioz, atzo hil zen eraikuntzako langilea. Jatorriz portugaldarra zen eta Arrasateko Amaral enpresarentzako ziharduen lanean. Istripu honekin, dagoeneko bi dira urte honetan lan-istripuz hildakoak Debagoienean.

Eskoriatzako zaharren egoitzaren aurrean egiten ari diren etxeetan lanean ziharduen hildako langileak. Solairu batera eskailera metaliko batetik igotzera zihoanean atzerako erori zen lurrera, lau bat metroko altueratik. Garondoan jaso zuen kolpea. Lankideek furgonetan eraman zuten osasun-etxe batera eta Gasteizko Santiago ospitalean hil zen atzo, eguerdiko 12:30ak aldean.

Lan-istripua eta heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du biharko, uztailak 22, CCOO sindikatuak. Lan-istripua gertatu zen lekuan egingo dute, zaharren egoitzaren parean, eguerdiko 12:00etan.

Bi heriotza

Heriotza honekin bi dira aurten Debagoienean lan-istripuz hil direnak. Aurrekoa, Bergaran hil zen apirilaren bukaeran, Algodonera lantegia botatzeko lanetan ari zela.

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, aurten 62 langile hil dira lan-istripuz. Osalan -en datuen arabera, berriz, aurten 23.000 langiletik gora izan dira lan-istripua izan dutenak EAEn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak