Pozik azaldu da Maider Otamendi Eskoriatzako Udaleko Kultura zinegotzia San Pedro jaien balorazioa egiterako orduan: "Giro oso ona egon dela eta herritarren parte-hartze handia azpimarratuko nituzke" esan digu. Horren adibide, hainbat ekitaldi nabarmendu ditu: "Kaukasoko Dantza Konpainiaren emanaldia ikusten jende asko egon zen, esaterako; baita Ttakunpa taldearen dantzaldian ere. Horrez gain, egubakoitza ere egun oso polita izan zen. Euskal jaia egiten dugu egun horretan, eta herri bazkarirako, 375 bat lagun batu ginen. Horrekin batera, Tapia eta Leturiaren emanaldia tradizio bihurtu da honezkero gurean, eta jende gazte asko aritu zen dantzan plazan".
Egitarau alternatiboa
Udalak egindako jai egitarauarekin batera, gazte batzarrak eta presoen aldeko taldeak antolatutako egitarauaz ere gozatu ahal izan dute Eskoriatzara hurbildu direnek. Are gehiago, jaiak egun bat luzatu dituzte, hau da, zapatura arte, astean barrena lan egin behar izan dutenengan pentsatuz, euren esanetan.
Egitarau alternatiboa osatu duten taldeko kideak ere pozik daude: "Jende multzo polita ibili da herrian. Antolatu ditugun ekintzetan ere parte-hartzea handia izan da, ez bakarrik musika kontzertuetan, gainerakoetan ere bai. Horrexegatik, eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei, eta baita barkamena eskatu ere bertan behera geratu diren futbolin eta pilota txapelketengatik".
Bestalde, ekitaldiren bat azpimarratzekotan, play back txapelketa nabarmendu dute. Lehenengoz antolatu dute, baina izandako arrakasta ikusita, datorren urtean Gaztetxeko II. Play Back lehiaketa egingo dutela aurreratu digute. Aurtengoan Ibaik eta Ioritzek osatutako bikoteak irabazi du Desmascaradasekin. Entzuleek erabaki zituzten irabazleok txaloen bidez.