Udalak 22.429 euro banatuko ditu gobernuz kanpoko erakundeen artean

Zuriñe Velez de Mendizabal 2005ko urt. 28a, 12:31
Eskoriatzako Udalak aurrekontu-sail bat erabiltzen du urtero gobernuz kanpoko erakundeei emateko. Aurten bostek jasoko dute laguntza; guztira 22.429 euro bideratuko dituzte horretara.

Eskoriatzako Udalak 22.429 euro banatuko ditu gobernuz kanpoko bost erakunderen artean. Urtero ematen die horrelako erakundeei dirulaguntza. Aurten Mundu Solidarioa Helburu, Boheri, Txiapasekin Elkartasuna euskal plataforma, Debagoieneko gobernuz kanpoko erakundeen partzuergoa eta Atxorrotx dira laguntza jasoko duten erakundeak. Horietatik bakarra da eskoriatzarra; Atxorrotx, hain zuzen ere.

Guztira 8.626,54 euro jasoko du herriko erakundeak eta diru gehien eskuratuko duena izango da hala. Udaletik aditzera eman dutenez, bi arrazoi daude horretarako. Batetik, aurkeztu den herriko GKE bakarra da; eta bestetik, Atxorrotxeko kideek ez dute beste inon dirulaguntzarik eskatu. Diruarekin, Montevideoko (Honduras) San Jose komunitatean hainbat etxe egin gura dituzte. Hogei eraikin guztira, bloke eta teilatuak dituzten etxebizitzak. Baina ez dituzte eurek egingo etxeak. Dirulaguntzarekin etxeak eraikitzeko materiala erosiko dutela eman dute aditzera. Gainera, igeltsero profesional bat kontratatuko dutela azaldu dute Atxorrotxekoek. Etxearen jabeak laguntzeko xedea izango du, egoitzak nola eraiki erakusteko, hain zuzen ere. San Jose komunitatean bizi diren 60 familia Eskoriatzako Atxorrotx elkartearen proiektuaren onuradunak izango dira datuen arabera.

Gainerako erakundeak

Mundu Solidarioa Helburu eta Boheri erakundeek 1.725,31 euroko laguntza jasoko dute. Txiapasekin Elkartasuna euskal plataforma eta Debagoieneko gobernuz kanpoko erakundeen partzuergoari 5.175,93 euro emango dizkiete bakoitzari.

Guztira, baina, hamar erakundek eman zuten izena dirulaguntza jasotzeko. Ez dute guztiek eskuratu dirua; baldintzak betetzen ez dituztelako bost erakunde geratu dira laguntza jaso barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak