Urmaeleko bioaniztasuna gertutik ezagutu dute

Josu Bilbao Atxutegi 2024ko mai. 4a, 10:30

Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Elgetako Udalaren ekimenez 2022an sorturiko urmaelak duen bizitza ezagutu dute eskolako haurrek eta horien gurasoek.

Eskolen Urmaelen Sarean kokatuta dago proiektua, eta Elgetako eskolan hainbat proiektu egiten dituzte urtean zehar, bertako bioaniztasunaz jabetzeko. Atzoko saioan, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologo Ion Garin izan zen saioa gidatzen. Aurrena, eskolan, burruntzien eta sorgin-orratzen gaineko erakusketa bat bisitatu zuten herritarrek. Izan ere, urmaeletan izaki bizidun hauek duten garrantzia azpimarratu zuen Garinek.

Erakusketa ikusi ostean, San Roke osteko urmaelera abiatu zen taldea, eta bertan, Aranzadiko adituaren eskutik, laginketa berezi bat egin zuten. Bi urte hauetan putzura heldu diren intsektu ezberdinak eta landareak aztertu zituzten bertan. Oraindik ez da anfibiorik heldu urmaelera, baina Garinek azaldu zuen agertuko direla: "Oraindik denbora eman behar zaiela uhandreei eta igelei, intsektuez ez bezala, lurretik iritsi behar direlako putzura".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak