"Itxaropena dugu jendea animatuko dela zapatuko Elgetako Gazte Egunera"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko api. 25a, 14:00

Ana Manso eta Unai Andres.

Hasi da atzerako kontaketa zapatuko Gazte Egunerako. Lehena da gazte asanblada berriarendako. Aurreikusten dute gaueko kontzertuek erakarriko dutela jende gehien. Ana Manso eta Unai Andres Gazte Asanbladako kideek eman dituzte egunaren gaineko zehaztasunak.

Sorreratik daude Ana Manso (Elgeta, 2000) eta Unai Andres (Elgeta, 1999) Gazte Asanbladan. Azaldu dute taldean gogotsu daudela Gazte Egunerako.

Nola doaz prestaketa lanak?

Ana Manso (A.M.): Denbora asko daramagu Gazte Eguna antolatzen, baina lehena da, eta ikusteko dago zer gertatzen den. Badugu itxaropena jendeak erantzungo duela, nahiz eta txartel salmenta motel doan –martitzenean–. Pentsatu nahi dugu azken unean animatuko dela kontua.

Zein adinetako gazteendako da Gazte Eguna?

Unai Andres (U.A.): Herri osoarendako da. Gazte Eguna deitzen da Gazte Asanbladak sortu duelako, baina ekitaldiak ez du adin mugarik.

2023ko urtarrilean egin zenuten Gazte Asanbladaren aurkezpen ekitaldia; noiz erabakitzen duzue Gazte Eguna antolatzea?

A.M.: Hasieratik izan dugu buruan Gazte Eguna egitea, eta bazen gure asmoa lehenago ere egitea, baina gauza asko etorri ziren, eta, gauzak ondo egiteko denbora behar genuela pentsatuta, atzeratzea erabaki genuen. Ikusiko dugu zelan doan lehenengoa, baina nahiko genuke behin hasita urtero egitea.

Areto futbolarekin emango diozue hasiera.

U.A.: Hori da. Haizea tabernan dago izena emateko orria. Talde gutxi batzuk badaude izena emanda, eta egunean bertan ere egongo da apuntatzeko aukera. Guk, dena den, nahiago dugu izen-ematea lehenago egitea sailkapenak eta beste ondo egiteko. Taldeek, hori bai, mistoak izan behar dute.

Musikak garrantzi handia izango du Gazte Egunean.

A.M.: Bai. Eguerdian karro-poteoa egingo dugu, musikarekin girotuta, eta bazkalostean kontzertu akustikoa izango dugu Aretxabaletako JB bikotearen eskutik. Gauean, berriz, lau talde izango ditugu: Korda Rota (Arrasate), Fito Skins (Elorrio), Kaparrak (Aretxabaleta) eta Babesgabe (Elgeta). Hurrenkera horretan joko dute, gainera. Amaitzeko, bi DJ izango ditugu; Kadira dute izena eta neskak dira biak.

Eta ze mugimendu dago Gazte Asanbladan sortu eta ia urte eta erdira?

U.A.: Esango nuke oraintxe hasi dela itxura hartzen. Barikuetan elkartzen gara, 19:00etan, Udalak utzitako gela batean –kultura etxeko erabilera askotariko gela–. Bilera irekiak dira; beraz, animatzen ditugu elgetarrak parte hartzera. Adin askotariko gazteak gaude, eta gure ateak zabalik daude denendako.

Herriko hainbat ekintzatan parte hartu duzue denbora honetan: jaietan, Sagardo Egunean, Piñu-koku martxan, koko-batzean...

A.M.: Bai, eta Gazte Egunaren ostean etorriko da Puntaik Punta eta ostean Ferixa Nagusiko jaiak berriro. Aurten ere txosna jartzeko asmoa dugu. Hasita gaude taldeak lotzen. Etorkizunera begira nahiko genuke hilean ekintza bat antolatu, baina ikusiko dugu posible den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak