Frontenis txapelketako finalak zapatuan jokatuko dituzte

Gontzal Belategi Zubia 2024ko api. 18a, 19:36
Aurtengo txapelketako partidu bat jokoan. Argazkia: Frontenisaelg

Joan den asteburuan abiatu zen frontenis txapelketa. gaur eta bihar artean emango diote bukaera txapelketari, finalerdiekin eta finalekin. Azkenean, ez da bazkaririk egongo. Horren ordez, luntxa egingo dute txapelketaren ostean

Joan den asteburuan eman zioten hasiera frontenis txapelketaren aurtengo edizioari. Guztira, hamazazpi bikotek hartu dute parte txapelketan: hamaika gizonezkoetan eta sei emakumezkoetan. Elgetako parte-hartzaileez gain, oñatiarrez, bergararrez, elorriarrez eta idiazabaldarrez osatutako bikoteak ere egon dira aurtengo frontenis txapelketan.

Lehen asteburuan jokatu ziren ligaxkako partida ia guztiak. Ostiral arratsaldean hasi zuten txapelketa, eta gauera arte egon ziren bertan. Zapatuan, berriz, egun osoan ibili ziren partidak jokatzen, goiz zen arratsalde. Giro polita sortu zen partida haietan. "Oso ondo joan zen. Jende askok hartu zuen parte eta gu oso pozik gelditu ginen. Kiroltasuna eta errespetua izan ziren nagusi eta parte-hartzaileak oso gustura egon ziren. Oso balorazio positiboa egiten dugu", adierazi du Idoia Serna antolatzaileak.

Egubakoitzean, gizonezkoen finalerdiak

Egubakoitzean, 18:00etan, gizonezkoen finalerdiak jokatuko dira. Lehen partiduan, Medina eta Amoros Azkarraga-Urizarren eta Hernaltesen aurka lehiatuko dira. Bigarren partiduan, Maguregik eta Unzetabarrenetxeak Arkarazo eta Ojanguren izango dituzte aurrez aurre. Amaitzeko, emakumezkoen ligaxkako azken partidua jokatuko dute: Markosek eta Asuabarrenak Errastiren eta Zeziagaren aurka jokatuko dute.

Zapatuan, final handiak

Zapatuan izango dira txapelketako finalak. Hala ere, lehenengo, emakumezkoen finalerdiak jokatuko dira, 10:15ean hasita. Lehen sailkatuak laugarrenaren aurka eta bigarrenak hirugarrenaren aurka jokatuko dute. Ostean, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partiduak izango dira. Amaitzeko, finalak hasiko dira. Emakumezkoek jokatuko dute lehen partida, 15:15ean. Tartean zozketa bat egin ostean, 16:30ean gizonezkoen finalak hasiko dira. Amaitutakoan, sari banaketa izango da.

Bazkaria, bertan behera

Antolatzaileek bazkaria egongo zela iragarri bazuten ere, azkenean, bertan behera gelditu da. Horren ordez, beste urte batzuetan egin den bezala, finalen ostean luntxa egingo dute bolatokian.

Herriarekin eskertuta

Antolatzaileak oso eskertuta daude herriak emandako laguntzagatik. "Herriko dendek eta tabernek parte hartu dute sariak emateko. Udalak ere lagundu du. Oso pozik eta eskertuta gaude", adierazi du Iratxe Bravo antolatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak