Frankismoaren biktimen omenezko plaka prest da udaletxeko fatxadan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko api. 19a, 11:19
Frankismoaren biktimen omenezko plaka udaletxeko fatxadan.

Memoria Eguneko ekitaldiak prestatu dituzte Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Elgetako Udalak. Bihar eguerdian izango dira; biktimen senitartekoak gonbidatuta daude.

Elgetako errepresaliatu erresistenteei eskainia izango da 2024ko Memoria Eguna, eta, horien artean, langile batailoietako presoak edo langile behartuak izango dituzte kontuan. Zapatuan, hilak 20, izango da ekitaldi nagusia, Mendizaleen plazan.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Elgetako Udalak antolatu dute Memoria Eguna, eta errepresaliatu erresistenteen senitartekoak gonbidatu dituzte oroimen ekitaldira. Helburua da aitortza egitea eta memoria historikoa gogora ekartzea. "Kolpe militarraren helburu nagusia eskubide sozialak, emakumeek lortutako aurrerapenak eta euskal nortasuna ezabatzea izan zen. Horrela, botere militarra, kapitalista handiak eta Elizaren hierarkiaren pribilegioak mantentzen ziren", azaldu dute memoria taldekoek Intxortako Irrintzia aldizkariko orrietan. "Ez da harritzekoa, beraz, ehunka elgetar antolatu izana kolpe militarrari aurre egiteko. Haietako asko matxinadagatik salatu eta kondenatu zituzten. Arrazoia? Demokratikoko aukeratutako gobernu bat defendatzera irtetea".

Plaka udaletxeko fatxadan

Errepresaliatuen izen-abizenekin plaka bat prestatu dute Elgetan, eta udaletxeko fatxadan ipini dute Regiones devastadas dioen idatziaren ondoan. Plaka horrek, hasiera batean, ehundik gora errepresaliaturen izen-abizenak eta 40tik gora hildakoren izen-abizenak jasotzen ditu. Biharko Memoria Eguneko ekitaldiekin egingo dute aurkezpena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak